Politika -

Zerga-erreforma

EAJ-PSE itunak Aurrekontuetarako bidea irekitzen du, Urkulluren ustez

Lehendakariak egonkortasun instituzionala aldarrikatu du, eta horretarako "programak partekatu" nahi dituzte beste alderdiekin, PSE-EErekin batik bat.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: Efe
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Lehendakariak PSErekin legealdirako akordioa sinatzea espero du

1:22

Manu Gimenez / eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak, Josu Erkoreka bozeramaileak esandakoari jarraituta, PSE-EErekin egingo duten zerga-itunak Aurrekontuak adosteko bidea irekitzen duela aitortu du, eta horrek Eusko Jaurlaritzak aldarrikatzen duen "egonkortasun instituzionala" ekarriko lukeela.

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, bat egiten du Patxi Lopez sozialisten idazkari nagusiarekin "diru-sarrerak eta gastuak adosteko" beharrarekin.

"Erakunde gehienetan ari dira gutxiengoan agintzen, eta beharrezkoa da egonkortasuna, norabide argi bat izatea oinarrizko zerbitzuak, gizarte-politikak eta autogobernua defendatzeko", gaineratu du, erreforma fiskaletik harago joango litzatekeen akordio bati erreferentzia eginez.

Lehendakariak argi adierazi du Legebiltzarrean edo beste erakunde batzuetan gehiengoan egongo balitz ere zerga-erreforma sustatuko lukeela, beharrezkotzat jotzen baitu "gizartearen beharrei, ekonomia sustapenari eta oinarrizko zerbitzuei" erantzun ahal izateko. Horren harira, zerga-erreforma "lurralde historiko guztiek bere egitea"ren garrantzia azpimarratu du, harmonizazioari erreferentzia eginez.

Bakerako lantaldea

PSE-EEk eta PPk bakerako lantaldetik ateratzeko mehatxua egin ostean (sozialistek esan dute ez dutela parte hartuko EH Bilduk ez badu 'zoru etikoa' onartzen), askok jarri dute zalantzan Legebiltzarreko batzorde horren lana.

Urkulluk, berriz, ez du zalantzarik, eta elkarbizitza lortzeko tresna bat dela uste du. Hori horrela, akordioa "horretara bideratu ditugun lekuetan landu beharra" dagoela esan du, eta gaitzetsi egin du eztabaida "hedabideetara" eramatea. Gainera, Patxi Lopezi gogorarazi dionez, "legegintzaldi hasieran zoru etikoko puntu bat ere ez aldatzeko konpromisoa hartu genuen; beraz, EH Bilduk zoru horretako ez aldatzea onartu behar du".

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin bakegintzaz izan dituen elkarrizketen inguruan, "jorratu beharreko bideen inguruko dokumentuak" helarazi omen dizkio, baina "erantzuna isiltasuna izan da".

Madrid2020

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak Madrilen hautagaitza olinpikoari babesa emateko egindako eskakizunaren harira, Urkulluk esan du ez zuela horren berri, eta ez dakiela "ze balio" duen lehendakariak babesa ematea, baina "oso ongi iruditzen zait, eta ez dut arazorik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea