Politika -

Eusko Legebiltzarra

PSE ez da lantaldean egongo EH Bilduk 'zoru etikoa' onartzen ez badu

Hori horrela, sozialistek ez dute parte hartuko irailaren 13ko bileran, koalizioko kideek aurreko legegintzaldian onartutako "zoru etikoa" onartzen ez badute.

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia.
Lopez: 'Ezker Abertzaleak oinarri etikoak bere egin behar ditu'

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk ez du Eusko Legebiltzarreko Bakerako Lantaldean parte hartuko EH Bilduk aurreko legegintzaldian gainerako alderdi politikoek adostu zuten "zoru etikoa" onartzen ez badu.

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, ez dira lantaldean egongo EH Bilduk "oinarrizko" printzipio etikoak bere egiten ez baditu eta ETAren jarduera "ez dakit zer gatazkaren baitan" justifikatzen jarraitzen badu.

Lopezen esanetan, ezker abertzaleak ez du bide hori oraindik hartu, eta udan kontrako norabidean ibili da. Hori dela eta, PSE-EE ez da irailaren 13an Bakerako Lantaldeak egingo duen bilerara joango, EH Bilduk bere jarrera aldatzen ez badu.

"Bere garaian indarkeria justifikatu eta txalotu zutenek iraganaren berrikuspen kritikoa egin dezaten eta ardurak beregain har ditzaten lortzeko tresna bat da lantaldea. Ez badaude horretarako prest, eta hala dirudi, lantaldeak ez du zentzurik, helburuak urratzen baititu hasiera-hasieratik", gaineratu du.

EAEko sozialisten idazkari nagusiaren ustez, ezker abertzaleak lantaldeak jorratzen duenaren kontrako jarrera du, eta terrorismoaren biktimek ETAren indarkeria "ustezko gatazka batengatik" izan zela sinestea nahi du.

Hori dela eta, buruzagi sozialistak aitortu du "egunetik egunera mesfidatiagoa" dela lantaldearen etorkizunaz, ez baitu aldaketarik ikusten aipatu sektore politikoan.

"Kontua ez da Alderdi Sozialistak parte hartzen duen edo ez, baizik eta elkarbizitzaren oinarrizko arauak errespetatzen ez dituenak ezin duela parte hartu", azpimarratu du.

Horren harira, zalantzan jarri du bakearen eta elkarbizitzaren inguruko lantalde baten zentzua PP eta PSE-EE bertan ez badaude; izan ere, horiek omen dira "herri honetako biktimak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea