Politika -
Izendapena, larunbatean
Madrid 2020 hautagaitzari babesa emateko eskatu dio Urquijok Urkulluri
Eusko Jaurlaritzak "Madrid 2020 hautagaitzari babesa ematea albiste bikaina izango litzateke", adierazi du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.
Erredakzioa
Carlos Urquijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Madrilek 2020an Joko Olinpikoak har ditzan babesa agertzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Iñigo Urkullu lehendakariari.
Blogean idatzi duenez, Eusko Jaurlaritzak "Madrid 2020 hautagaitzari babesa ematea albiste bikaina izango litzateke".
"Badakit Buenos Airesen gertatzen dena (bertan iragarriko dute non izango diren 2020ko Joko Olinpikoak larunbat honetan) ez dela Urkulluk emandako balizko babesaren araberakoa izango, baina ona izango litzateke, noizean behin behintzat, aldarrikapen politikoak alde batera utzi eta denoi onurak ekarriko dizkigun proiektu bati laguntza ematea", idatzi du Urquijok.
Espainiako Gobernuaren ordezkariaren arabera, Madrilek Joko Olinpikoak hartzea "bultzada ekonomikoa" izango litzateke euskal enpresentzat, eta euskal kirolari olinpikoak, "eta euskal herritar guztiak", "pozik egongo lirateke urte batzuk barru Madrilera joateko aukera izanda".