Politika -
Kontxako Banderan
'Ur harresia' deitu du Eleak mugimenduak iganderako Donostian
Elkartasuna erakutsi nahi diete datozen hilabeteotan epaituko dituzten eta epaia jasoko duten 260 bat laguni, eta desobedientzia zibila bultzatu.
Erredakzioa
Igande honetan, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, 'Ur harresia' deitu du Eleak mugimenduak Donostiako portuan. ''Ur herri harresi'' baten bidez elkartasuna erakutsi nahi diete datozen hilabeteotan epaituko dituzten eta epaia jasoko duten 260 bat laguni.
Halaber, ''errepresioak eragindako lotsa'' salatu nahi dute. Besteak beste, herriko tabernen bitartez ETA ustez finantzatzeagatik abiatutako prozesu judiziala dela-eta urrian, Auzitegi Nazionalean, hasiko den epaiketaren ''errepresio lotsagarria'' salatu nahi dute. 30 bat lagun daude inputatuta auzi horretan.
Hala, ''salbuespen politikei aurre egiteko herri presioa'' egitera bultzatu du Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko bozeramaileak prentsaurrekoan, ''bestela, herriko tabernen auzia edo gazte independentisten kontrako epaiketak ez baitira inoiz iraganeko kontuak izango''.
Igandean ''tanta berri bat jarri eta portuan ur herri harresi bat'' sortzeko asmoa dutela azpimarratu du, ''inputatuak freskatu eta eskubide zibil eta politikoak suspertzeko''.