Politika -
Manifestazioa Bilbon
'Erabakitzeko eskubidea ukatzearekin tematuta dago Madrilgo Gobernua'
Auzitegi Nazionalaren aginduz, segurtasun indarrek grabatu egin dute EH Bilduk deitutako manifestazioa.
Erredakzioa
Bilboko Aste Nagusiko egun handian, Euskal Herriaren subiranotasunaren alde eta Madrilgo Gobernuaren inposizioen kontra manifestazioa egin dute, EH Bilduk deituta, eta Espainiako segurtasun indarrek grabatu egin dute.
Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz grabatu dute manifestazioa, Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako salaketaren ondoren. Aipaturiko elkarteak salaketa jarri zuen, terrorismoari gorazarre egiteko eta biktimei umiliatzeko arriskua zegoelakoan.
"Sasi guztien gainetik, Euskal Herria martxan" lelopean egin da manifestazioa, eta Hasier Arraiz Sortuko presidentea, Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea, Joseba Permach, Niko Moreno, eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideak buruan zirela. Halaber, bertan izan dira Alternatibako Oskar Matute eta EAko Unai Ziarreta ere.
Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatzeko manifestazioa Carlos Urquiijo Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren aurkako protesta bihurtu da, horrek Jone Artola txupineraren debekua bultzatu ondoren.
Ezker abertzaleak urtero antolatzen du manifestazioa Bilboko jaietan. Gaur, 12:10ean abiatu da manifestazioa Moyua plazatik eta Bilboko kaleak igaro ostean udaletxean amaitu da.
Udaletxeko eskaileratan Bilboko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak hartu du hitza. Aitziber Ibaibarriagaren ustez, Bilboko jaietako txupinerarekin sortutako polemika "barregarria eta zentzugabea izan da, eta sakoneko karga bat ezkutatzen zuen atzean".
"Madrilek beti aurkituko du ukatzeko, inposatzeko eta kriminalizatzeko aitzakia, eta etorkizunean ere euskaldunon erabakitzeko eskubidea ukatzearekin tematuta daude", gaineratu du.
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz,"Espainiak ezarri nahi digun blokeo eta kolapso estrategiari aurre egiteko, garai berri horrekin konprometituta gauden alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek akordioak lortu eta ekimenak jarri behar ditugu martxan". Bestalde, Euskal Herrian hartutako konpromisoen aurrean jarrera bakarra eta berdina dutela leporatu die PPri eta PSOEri.
Bestalde, alor ekonomikoan Urkullu kritikatu du krisi ekonomikoaren aro zailena pasatu dela esateagatik.