Politika -

Bilboko Aste Nagusia

Bilboko bi konpartsaren ekitaldiak grabatzea agindu du ANk

Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsek antolatutako ekitaldiak grabatzea agindu du epaileak, Dignidad y Justiciaren salaketaren arabera, terrorismoa goraipatzeko delitua ekarri baitezakete.

Bilboko konpartsek ikurrina omendu dute Aste Nagusian

0:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Kaskagorri eta Txori Barrote Bilboko konpartsek aste honetarako antolatutako ekitaldiak grabatzea agindu die Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari. Dignidad y Justiciaren arabera, ETA goraipatzeko delitua ekarri dezakete ekitaldi horiek.

Elkarte horrek jarritako salaketaren ostean, Velasco epaileak agenteei "deialdiak egindako lekuetara joatea eta ekitaldiak grabatzea" agindu die, "salatutako delituarekin zerikusia duten frogak lortzera, balizko delituaren egileak identifikatuz".

Elkarteak bi konpartsek antolatutako zazpi ekitaldi salatu ditu, baita ETAko presoen zerrenda erakustea ere, eta, azaldu duenez, "duela zazpi urte baino gehiagotik terrorismoa goraipatzen ari dira euren txosnetan".

Idatziaren arabera, Bilboko Aste Nagusiko jaietako konpartsen programan bost ekitaldi daude abuztuaren 21ean, 22an, 23an eta 24an, "Elkartasun keinuen ordua" eta "Argazki solidarioa" izenekin, epai irmoa duten ETAko presoen alde.

Konpartsek omenaldia egin diote ikurrinari

Bestalde, Bilboko konpartsek omenaldia egin diote ikurrinari, hori Arriagako plazako mastan jarriz, aurreskua dantzatu ostean eta globo gorriak, berdeak eta zuriak askatuz. "Ikurrina bai, espainola ez" oihuen artean, hainbat konpartsetako ordezkariek aurresku bat dantzatu dute, ikurrinaren ohorez, eta, horren ostean, globoak eskuetatik askatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea