Politika -
Polemika txupinazoarekin
Bilboko Udalak txupineraren aldeko alegazioa aurkeztu du
"Aste Nagusi baketsu" baten alde egin eta izendapena debekatzea beste oztopo bat dela adierazi dute. Jai Batzordea asteazkenean bilduko da epaileak erabakia berreziz gero zer egin erabakitzeko.
Erredakzioa
Bilboko Udalak dagoeneko aurkeztu du Jone Artola Bilboko Aste Nagusiko txupinera ez izateko aginduaren aurkako alegazioa, Bizkaiko hiriburuko auzitegi batek Carlos Urquijo Gobernuko EAEko ordezkariak ezarritako errekurtsoa onartu ostean.
Bilboko Udalak epaitegian aurkeztu du helegitea, ebazpena errekurritzeko hiru eguneko epearen amaieran, Itziar Urtasun jaietako Udaleko arduradunak baieztatu duenez. Horrez gain, aste honetan, asteazkenean ziurrenik, Jai Batzordeak batzar berri bat egingo du egoera berriaz hitz egiteko.
"Aste Nagusi baketsua" defendatu du Udalak, eta txupineraren izendapena debekatzea "beste zangotrabaketa bat" dela adierazi du.
Behin betiko debekua baieztatzen bada, ebazpena Jai Batzordean planteatuko da eta erabaki bat hartuko dute. Edozein kasutan, eta Aste Nagusiaren hasiera hain hurbil izanda, erabakia "ahalik eta arinen" kaleratuko dela espero du Urtasunek.
Aitziber Ibaibarriaga Bilduko bozeramailearen hitzetan, Gobernuko ordezkariaren "esku-sartzea guztiz onartezina" da. Zentzu horretan, Bilboko Udala "okertu" egin dela adierazi du Dignidad y Justicia elkarteak, "ETA goratzen dutenen izuarekin bat egin duelako".
Konpartsek Artola berretsi dute
2013ko Aste Nagusiko txupinera izateko Jone Artolaren izendapena berretsi dute Bilboko Konpartsek, "izendapena atzera botatzeko oinarri juridiko eta judizialik ez dagoelako". Halaber, "Aste Nagusiko ikono guztientzat errespetua" eskatu dute konpartsek.
Horren harira, Bilboko jaietako konpartsek elkarretaratzea egin dute eguerdian Jone Artola txupinerari babesa adierazteko. Konpartsak "Txupinera aurrera, zaindu maite dozuna" lelopean elkartu dira, 12:00etan, Arriaga plazan.