Politika -
Aste Nagusia
Bilboko txupineraren izendapena bertan behera utzi du epaile batek
Halaber, epaileak hiru eguneko epea eman dio Bilboko Udalari izendapena justifikatzeko, ondoren, behin betiko erabakia hartu ahal izateko.
Erredakzioa
Bilboko epaitegi batek kautela-neurria hartu du eta Jone Artola Bilboko jaietako txupineraren izendapena bertan behera utzi du. Berria Euskadiko Gobernuaren Ordezkaritzako hainbat iturrik baieztatu dute.
Carlos Urquijok aginduta, Estatuko Abokatutzak izendapen horren aurkako helegitea aurkeztu zuen, izendapen horrek Terrorismoaren Biktimak Aitortzeko Legea urratu zezakeelakoan. Jone Artola Etxerat euskal presoen elkarteko kidea da.
Gauzak horrela, administrazioarekiko auzien Bilboko epaitegi batek izendapen hori bertan behera uztea ebatzi du, eta hiru eguneko epea eman dio Bilboko Udalari izendapena justifikatzeko, ondoren, behin betiko erabakia hartu ahal izateko.
Halaber, aste honetan ere, Gasteizko epaitegi batek Laudioko jaietarako (Araba) Pablo Gorostiaga pregoilariaren izendapena ere bertan behera utzi du. Gorostiaga espetxean dago 2007. urtetik ETArekin kolaboratu izana leporatuta.