Politika -
Uribetxebarria auzia
Uribetxebarriak kalean jarraitzea gomendatu dute medikuek
Txosten berria ez da behin betikoa, oraindik bi azterketa mediku eta miaketa pertsonal baten emaitzak aztertu behar baitituzte.
Erredakzioa
Justizia Ministerioaren menpe dagoen Medikuntza Institutuak Josu Uribetxebarria Bolinagaren osasun egoeraren behin behineko azterketa egin dio, eta "tratamendua kartzelatik kanpo jarraitzeko egokitasuna" adierazi du.
Medikuntza Institututik azaldu dutenez, txosten berria ez da behin betikoa, abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran bi azterketa mediko egin beharko baitizkiote Donostiako Ospitalean. Horrez gain, txosten berria sinatu duten auzitegiko bi medikuek miaketa pertsonal baten ondorioak aztertu beharko dituzte.
Auzitegiko medikuek Jose Luis Castro espetxe-zaintzako epaileak jasotako aginduak bete dituzte, joan den uztailaren 18an Fiskaltzak eta biktimek Osakidetzak eginiko azterketaz gain beste azterketa osagarri batzuk egitea eskatu ostean. Uribetxebarriaren defentsak azterketa mediko gehiago ez egitea eskatu zuen arren, epaileak bertan behera utzi du helegitea.
Informe berria eskatu zuten
Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko epaileak Josu Uribetxebarria ETAko kideari auzitegiko medikuek aztertu behar diotela errepikatu dio, minbiziaren bilakaerari buruzko txosten berria egiteko. Baldintzapean aske geratu izanak horretara behartzen du gaixoa.
Castrok hala ebatzi du autoan Uribetxebarriaren abokatuak aurkeztutako helegitea. Abokatuak uko egin zion ETAko kidea Auzitegi Nazionaleko auzitegiko bi medikuak aztertzeari, txosten berri horretarako.
Abokatuak ez zion kontra egin ETAko kidearen gaixotasunari buruzko ebaluazioa historial klinikoarekin egiteari, horiek, helegitearen arabera, "objektiboak direlako".