Politika -

Alkateen bake konferentzia

PSE ere ez da joango Donostiara, alkateen bake konferentziara

"Txaloak jotzeko eta alkateen arteko batzar batean mutu egoteko ez gara joango. Ez dauka inolako zentzurik", adierazi du Ernesto Gasco ordezkari sozialistak.

Ernesto Gasco Donostiako sozialisten ordezkaria. Argazkia: eitb.com
Ernesto Gasco Donostiako sozialisten ordezkaria. Argazkia: eitb.com
PSE ez da joango alkateen bake konferentziara

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk adierazi bezala, PSEk ez du Donostiako Udalak antolatutako alkateen arteko bake konferentzian parte hartuko, ez baitute "txaloak jotzen joateko inolako asmorik".

"Txaloak jotzeko eta alkateen arteko batzar batean mutu egoteko ez gara joango. Ez dauka inolako zentzurik, eta uste dugu galdutako aukera bat dela", adierazi du Ernesto Gasco ordezkari sozialistak.

Gaitzespen hori alderdi popularrak egindakoari gehitu zaio, popularren iritziz "astakeria bat baita terrorismoa ukatzen ez duen alkate bat bake konferentziaren anfitrioi bat izan ahal izatea".

Hausnarketa egitea eskatu die Izagirrek

EAJk, bere aldetik, informazio gehiago eskatu du, ez baitu nahi konferentzia ETAren pausu berri bat laguntzeko erabiltzea. "Uda bukaeran ETAk mugimendu berriak egingo dituela ari da zabaltzen, eta argi dago guri ez litzaigukeela gustatuko mota honetako ekitaldi bat mugimendu horiek laguntzeko erabiltzea", adierazi du Eneko Goia Donostiako EAJko ordezkariak.

Oposizioak erakutsitako konfiantza ezaren harira, PSEk eta PPk "hausnarketa bat" egin beharko luketela uste du Juan Karlos Izagirre alkateak, "konferentzian ideologia ezberdinetako mundu guztia egon beharko litzatekeelako, bakea eraikitzea baita helburua".

Urriaren 10 eta 11n

Urrian, mundu osoko hainbat alkatek nazioarteko bake konferentzia bat egingo dute Donostian, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak EiTBri jakinarazi dioenez.

Mundu osoko alkateek euren herrietako gatazken inguruko esperientziak elkartrukatuko dituzte Donostian. Alkateez gain, gatazkak konpontzen eta bakea eraikitzen adituak diren hainbat lagunek parte hartuko dute.

Donostiako Udala da ekimena bultzatu duena, eta Bakearen Aldeko Alkateak nazioarteko erakundeari gonbita egin dio "Esparru lokaletatik bakea eraikiz" konferentzian parte har dezan. Ekitaldi guztiak Aieteko Bakearen Etxean eta Kursaal jauregian egingo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea