Politika -

Auzitegi Gorena

Gorenak artxibatu egin du Barcinaren CANeko dieten auzia

Auziaren epaileak inputatu gisa deklarazioa hartzeko eskatu zion Gorenari.

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak artxibatu egin du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen kontra, Nafarroako Kutxan (CAN) jasotako dieta bikoitz eta hirukoitzengatik, abiatutako auzia, gertakariak "ez direlako delitu".

Auziaren epaileak inputatu gisa deklarazioa hartzeko eta auzibideren bat ireki behar ote zen aztertzeko eskatu zion Gorenari.

Orain, Gorenak deliturik ez dagoela erabaki du, eta Barcinari dagokion kausa artxibatu du.

Auzitegi Gorenaren ebazpenak bat egiten du Fiskaltzaren txostenarekin, ez baitzuen deliturik ikusten. Kontuz! Elkartearen eta UPyDren akusazioek, ordea, ikerketak Iruñeko epaitegian jarraitzea nahi zuten.

Maria Paz Benito da auzia Iruñean ikertzen ari dena, eta, ekainaren 4ean argitaratutako auto batean, "ezinbesteko"tzat jo zuen Auzitegi Gorenak Barcina funtzionarioak erosteagatik inputatzea, foruduna delako eta Gorenaren eskumena izango litzatekeelako inputazioa.

Aipatu auto horretan, epaileak Nafarroako Kutxaren Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrak araudirik ez zuela salatzen zuen. Batzorde horretan Miguel Sanz Nafarroa presidente ohia, Alvaro Miranda kontseilari ohia, Enrique Maya Iruñeko alkatea (hiruak daude inputatuta) eta Barcina zeuden, eta neurrigabeko dietak jaso zituzten.

Batzorde horrek bi saio eratzaile egiten zituen egun berean, eta horietako bakoitzagatik 2.680 euro jasotzen zituen presidenteak eta 1.717 gainerako kideek. Gainera, diru hori ez zen inon dieta gisa deklaratzen, eta ez zitzaion Espainiako Bankuari horien berri eman. Hori dela eta, "kontrol eta fiskalizazio oro saihesten zuten", Benito epailearen arabera.

Orain, Gorenak kontra egin dio epaileari eta ez du deliturik ikusten Barcinaren jardunean, nahiz eta salaketa "morala, etikoa eta politikoa" egitea merezi dezaketela aitortu.

Barcinak "aipatu batzordean duen partehartzea eta jasotako dietak ez dira, zuzenean, Nafarroako presidente edo alkate zelako, baizik eta Erakunde Sortzaileen Batzordeko kide zelako", Gorenak gaurko autoan azaldu duenez.

Gainera, Auzitegiak zalantzan jarri du okerreko etekinak, dohaintzak edo opariak ote diren, kargu jakin batengatik jasotzen dituelako, ez erakunde edo pertsona batengandik zuzenean.

Hori dela eta, Gorenak artxibatu egin du auzia eta kargu guztietatik libre utzi du.

Barcina bere zintzotasuna aldarrikatu du

Erabakiarekin pozik azaldu da Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, eta bere zintzotasuna aldarrikatu du. Oposizioak, ostera, Barcinaren dimisioa eskatu du berriro, eta haren portaera etiko eta politikoa salatu du.

Barcina Tuterako jaien hasieran izan da gaur. Nafarroako presideneta pozik agertu da auzitegiaren erabakiarekin. Epaiketa egin barik "zigortu dutenek oso leku txarrean" geratu direla adierazi du Barcinak.

"UPN pertsona zintzoen alderdi bat dela agerian geratu da gaur berriro", azpimarratu du presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea