Politika -
Auzitegi Nazionala
45 urteko kartzela-zigorra, Puelles hil zuten ETAko hiru kideei
Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria dira zigortuak, eta 300.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote alargunari eta 150.000 euro bi semeei.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko hirugarren sekzioak 45na urteko kartzela-zigorra ezarri die 2009ko ekainaren 19an, Arrigorriagan (Bizkaia), Eduardo Puelles poliziaburua hil zuten ETAko hiru kideei.
Puelles hil zuen "Otazua" taldea osatzen zuten ETAko kideak Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria dira, eta 300.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote alargunari eta 150.000 euro bi semeetako bakoitzari. Halaber, debekatu egin die Bilbon bizitzea, eta Puellesen alargunarengandik edo semeengandik 300 metro baino gertuago egotea, zigorra bete eta 10 urteko epean.
Fiskalak eskatu bezala, 45 urteko zigorra ezarri diete: 30 urteko zigorra hilketa terroristagatik eta beste 15 urtekoa hondamen terrorista eragiteagatik. Zigorra ezartzerako orduan Kode Penalak jasotzen duen 40 urteko muga hartu du epaitegiak kontuan.
Epaitegiak frogatutzat jo du akusatuak 2006tik ETAko ''Otazua'' taldeko kide zirela, eta Bilboko Indautxu auzoko polizia-etxeko agente baten kontra atentatua egiteko asmoa zutela.
Epaiaren arabera, bi kilo kloratita eta 200 gramo pentrita zituen lehergailua jarri zuten ETAko hiru kideek 2009ko ekainaren 18tik 19rako goizaldean.
Idatziaren arabera, Etxebarriak gidatu zuen ETAko hiru kideen autoa Puellesen ibilgailua zegoen tokira, eta, Zapirainek eta Pastorrek lehergailua autoaren azpialdean jartzen zuten bitartean, Etxebarria bera zelatan geratu zen.
Hurrengo goizean, ekainaren 19an, 09:05ean, Puellesek martxan jarri zuen autoa, eta, orduan, ''heriotza ekarri zioten lesioak eragin zituen eztanda'' izan zen.
Auzitegiak baztertu egin ditu atxiloketaren ondoren akusatuek salatutako tratu txarrak, eta, besteak beste, aintzat hartu ditu horietako bik Poliziaren egoitzan egindako adierazpenak.
Josu Puelles: "Espetxealdia murrizteko maniobra politikorik ez izatea espero dut"
ETAko hiru kideek zigorra bere osotasunean betetzea nahi du Josu Puelles biktimaren anaiak. Espetxealdia murrizteko "maniobra politikoetatik" etekinik ez ateratzea espero du Puellesek.
Puelles zigorrarekin pozik azaldu da. "Printzipioz, senitartekoen itxaropenak bete ditu epaiak", esan du. "Orain geratzen dena, benetan zigor osoa betetzea da", erantsi du hildako poliziaren anaiak.