Politika -
Bateraezintasuna
Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak PPren kuotak ordaindu zituen
Konstituzioaren arabera, magistratuak ezin dira beste kargu publiko batean aritu edota alderdi politikoetako zein sindikatuetako afiliatuak izan.
Erredakzioa
Francisco Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidentea 2008 eta 2011. urteen artean PPn afiliatuta egon zirenen eta dohaintzak eman zituztenen zerrendan agertzen da, El Pais egunkariak gaur jakinarazi duenez. De los Cobos 2010eko abenduaren 29an izendatu zuten auzitegi horretako magistratu.
Zerrenda Barcenas auziko sumarioaren dokumentuetako bat da, eta Alderdi Popularra finantzatzen lagundu duten pertsonen izenak, NAN zenbakiak eta emandako zenbatekoa agertzen dira. De los Cobosek 37,14 euro eman zituen urtero, Bartzelonako PPko militanteek ordaintzen duten kuotari dagokion zenbatekoa.
Epaileak eta magistratuak ezin dira inola ere alderdi politikoetako eta sindikatuetako kideak izan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 395. artikuluaren arabera: "Epaileak eta Magistratuak ezin dira alderdi politikoetako eta sindikatuetako kideak izan, ezta horien zerbitzura lan egin".
Konstituzioak, gainera, hau dio 127. artikuluan: "Jarduneko epaileek, magistratuek eta fiskalek ezin dute bestelako kargu publikorik hartu, eta ezin dira alderdi politikoetako zein sindikatuetako afiliatuak izan". Gainera, artikulu beraren bigarren puntuan esaten denez, "botere judizialeko partaideen bateraezintasunen erregimena legeak ezarriko du", eta "horien independentzia osoa bermatu" behar dela azpimarratzen du.