Politika -
AHT Euskadin
Eusko Jaurlaritzak AHTarekin konpromisorik ez duela salatu du Arriolak
Gipuzkoako PSEren idazkari nagusiak "ezinegona" adierazi du obren martxagatik zein iberiar goi-lautadarekin, Mediterraneoarekin eta Europako gainerako lurraldeekin izango dituen loturengatik.
Erredakzioa
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEren idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren aurka egin du, ez duelako "beligerantziarik ezta borrokarako grinarik erakutsi" Espainiako Gobernuak Abiadura Handiko Trenarekin (AHT) dituen konpromisoak bete ditzan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Arriolak "ezinegona" adierazi du obren martxagatik zein iberiar goi-lautadarekin, Mediterraneoarekin eta Europako gainerako lurraldeekin izango dituen loturengatik.
"Ez dute aurreikusi datarik Miranda eta Burgos arteko konexiorako, Nafarroarako eta Mediterraneo ingururako konexioak airean daude eta Frantziarekiko lotuneak helburu argirik gabe jarraitzen du", adierazi du sozialistak.
Haren ustez, egoera horren aurrean Eusko Jaurlaritza "etsipen handiz jokatzen ari da". "Ez dut beligerantziarik ikusten, ezta borrokarako grinarik ere Espainiako Gobernuaren konpromisoak bete ditzan eta epeak mantentzeko", kritikatu du.
Arriolaren arabera, Jaurlaritzak "ez du konpromisoak mantentzeko behar beste indar jarri". Gainera, Eusko Jaurlaritzari dagokion zatian, AHTaren eraikuntza "moteltzen" ari dela ziurtatu du.