Politika -

EAJ-Sortu bilera

EAJk eta Sortuk euskal gatazka konpontzeko akordioak bilatuko dituzte

Bi alderdiek lehen bilera ofiziala egin dute gaur, harremanak formaltzeko asmoz. Andoni Ortuzar eta Hasier Arraiz bat etorri dira batzarra positiboa izan dela esaterakoan.

Sorturen eta EAJren ordezkaritzek lehen bilera ofiziala egin dute. EFE
Sorturen eta EAJren ordezkaritzek lehen bilera ofiziala egin dute. EFE
Sorturen eta EAJren ordezkaritzek lehen bilera ofiziala egin dute. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gatazkaren konponbidea bilatzeko edota subiranotasunaren alde urratsak emateko akordioetara heltzeko gai izango direla ondorioztatu dute Sortuk eta EAJk, "ezberdintasun asko dituzten arren".

Bi alderdien ordezkaritzek lehen bilera ofiziala egin dute gaur goizean Sortuk Donostian duen egoitzan, harremanak formalizatzeko asmoz. Gaurko batzarra prestatzeko beste bilera batzuk egin dituztela azaldu dute. Irailean berriro elkartzea aurreikusita dute.

EAJren ordezkaritza Andoni Ortuzarrek, Pilar  Garcia de Salazarrek, Joseba Egibarrek eta Koldo Mediavillak osatu dute; Sorturena, Hasier Arraizek, Rufi Etxeberriak, Pernando Barrenak eta Maribi Ugarteburuk.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak bileraren ostean egindako agerraldian esan duenez, "ezberdintasun asko ditugu eta gure estrategiak antagonikoak dira, baina indarkeriarik gabeko Euskadi berrian akordioetara heltzeko ardura dugu".

"Harreman politikoa izateko oinarriak ezarri behar ditugu, elkarrenganako errespetua lortzeko, eztabaidatzeko eta etorkizunerako ibilbide-orri politiko eta demokratiko bat osatzeko", erantsi du.

Hasier Arraiz Sortuko idazkari nagusiak gaurko bilera "positiboa eta eraginkorra" izan dela adierazi du, bi alderdien arteko harremanak normalizatzeko bidean. "Egoera politikoa normalizatzen ari denaren erakusgarri da, gure ustez prozesua astiroegi garatzen ari bada ere", esan du.

EAJren eta Sorturen artean ardurak leporatzen egoteko garaia amaitutzat eman du eta bi alderdien arteko harremanetan "aro berri bat" hasi dela azpimarratu du.

Arraizek gogora ekarri du "PPk eta PSOEk bakegintzan nahiz eraikuntza nazionalaren aurrean blokeoaren aldeko apustua" egin dutela. Bai Sorturentzat bai EAJrentzat gatazkaren konponbidea eta subiranotasuna "lehentasunak" direla gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea