Politika -
CAN auzia
CAN auzia Gorenera igorri izana 'logiko'tzat jo du Kontuzek
UPyDren ustez, erabakia "eragozpena" da, auziaren instrukzioa "atzeratu" egingo baita.
Erredakzioa
Kontuz kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak "logiko"tzat jo du Iruñeko epaileak CAN auzia Auzitegi Gorenera igorri izana, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea forupekoa baita.
Gainera, epailearen autoa "ondo argudiatuta" dagoela gaineratu du, eta dimisioa emateko eskatu dio Barcinari.
Kontuz herri akusazietako bat da, eta auzia Iruñeko 3. zenbakiko epaitegian ikertzen jarraitzearen alde egin du beti, baina, hala ere, epailearen erabakia "ondo justifikatuta" dagoela iritzi dio.
Beste herri akusazioak, UPyD alderdiak, errespetua agertu du epailearen erabakiaren aurrean, baina "eragozpena" dela uste du, instrukzioa "atzeratu" egingo baita eta "garestiagoa" izango baita.
Diego Paños UPyDko abokatuaren esanetan, epaileak "aspaldi" hartu zuen erabakia, dena "oso argi" baitu.
Halaber, Barcina forupekoa izateagatik ikerketa judiziala "gelditu" izana deitoratu du. Horren ildotik, Espainiako Estatuan "10.000 pertsona" direla forupekoak salatu du.