Politika -
'Okerrera ez' egiteko
Bake prozesua 'berrabiaraztea' eskatu du Eusko Jaurlaritzak
Bake prozesua "geldirik" dagoela ez da "sekretua", Jonan Fernandezen hitzetan. "Geldirik" jarraitzen baldin badu "okerrera" egingo du.
Erredakzioa
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariaren ahotan, bake prozesuaren blokeoarekin amaitzeko egoera "berrabiaraztea" beharrezkoa da eta horretarako euskal alderdiak akordio batera heldu behar dira, bestela "geldirik" jarraitzen baldin badu "okerrera" egingo du.
Fernandezek agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko batzordean, Bake eta Bizikidetza Plana alderdi politikoei aurkezteko. Egitasmoa iragan astean onartu zuten eta Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu zuen.
Gasteizko Ganberan emandako hitzaldian, bake prozesua "geldirik" dagoela ez da "sekretua", adierazi du Fernandezek, eta datorren urtean izango diren hauteskundeek akordioak oztopatu ditzaketela gaineratu du.
Fernandezek azaldu duenez, "korapiloa askatzeko ados jarri behar gara aurten, eta datorren seihilabetekoan aurrerapauso handi bat eman", indarkeriaren amaiera eta ETAren desarmatzea lortzeko, eta baita espetxe politikan aldaketak ere. Alderdien erantzukizuna eskatu du, "helburu horrekin" ekarpena egiteko.
Egitasmoarekin % 100ean ados egotea zaila dela onartu du Bake eta Bizikidetza idazkariak, baina "irekia" dela eta "hobetu" daitekeela erantsi du. Hala ere, xede "legitimo eta demokratiko" guztiak markoan izan behar direla gogorarazi du.
Bestalde, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa irmo agertu da terrorismoaren aurkako politikaren defentsan. "Gatibua askatu, baina legearen eta justiziaren markoan", erantzun dio ministroak Iñaki Anasagasti EAJko senatariari. Anasagastik "pausoak" eskatu dizkio Exekutiboari, "erruki ekintza" bat delako.