Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJ: 'Legebiltzarrak Rajoy presoekin jarrera aldatzera bultza dezake'
"Oso zaila izango litzateke Gobernuko presidenteak horrenbesteko babes politikoa duen eskari bati (kartzela-politikaren ingurukoa) jaramonik ez egitea", jeltzaleen esanetan.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJren presidentearen ustez, oso garrantzitsua izango litzateke Eusko Legebiltzarrean espetxe-politikaren inguruko akordioa lotzea, "horrek oso zaila egingo bailuke Rajoy geldirik geratzea".
Ortuzarrek Herri Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "oso zaila izango litzateke Gobernuko presidenteak horrenbesteko babes politikoa duen eskari bati (kartzela-politikaren ingurukoa) jaramonik ez egitea".
Bestalde, "seinale ontzat" jo du PPk Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako "bakerako planari ekarpenak egitea", eta bake eta elkarbizitza lantaldearekin bat egingo duela espero du.
Ortuzarrek adierazi duenez, denbora eman behar zaie lantaldeari eta bakerako planari, izan ere, "oraingoz, gustatzen ez zaienean soilik jarri dute arreta".