Politika -
Katalunia
PSCk EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak kentzeko eskatu du
Pere Navarroren iritziz, erkidegoen bidezko finantzazioarekin bat ez datorren "pribilegio" bat da kontzertu ekonomikoa.
Erredakzioa
Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak Konstituzioan erreforma bat egin eta EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak kentzeko eskatu du. Horren iritziz, erkidegoen bidezko finantzazioarekin bat ez datorren "pribilegio" bat da.
"Finantzazio justua nahi badugu, Konstituzioaren erreforman egun dauden pribilegioak kentzen hasi beharko dugu", esan du Navarrok Forum Europa-Tribuna Catalunyak antolatutako gosari informatibo batean.
"Kontua ez da batzuen gustukoa izatea edo ez izatea. Pribilegio eta injustizia egoera guztiak baztertu behar dira. Eta justizia elkartasunean oinarritu dadila. Kupoaz hitz egiten hasi behar da", azpimarratu du Navarrok.
PSCko idazkari nagusiak onartu du EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoekin amaitzeko egin duen eskaera ez dutela begi onez ikusiko erkidego horietako kide sozialistek, baina bere lehentasuna erkidegoen finantzazioaren inguruan eztabaida piztea dela azaldu du.