Politika -

Eusko Legebiltzarrak

Jaurlaritzak ukatu egin du 'Cabacas auzia'n 'isiltasun ituna' dutela

Hala ere, Segurtasun sailburuak eta Aresek aitortu dute "zerbaitek huts egin" zuela Ertzaintzaren jokabidean.

Estefania Beltran de Heredia, Segurtasun sailburua. Argazkia: EiTB
Estefania Beltran de Heredia, Segurtasun sailburua. Argazkia: EiTB
Jaurlaritzak ukatu egin du 'Cabacas auzia'n 'isiltasun ituna' dutela

2:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak eta Rodolfo Ares aurreko kargudunak ukatu egin dute Iñigo Cabacasen inguruan "isiltasun ituna" egin dutela, nahiz eta Ertzaintzaren jokabidean "zerbaitek huts egin" zuela aitortu.

Beltran de Herediak eta Aresek agerraldia egin dute asteazkenean Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean, EH Bilduk eta PPk eskatuta, Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota hil zen gaztearen inguruan azalpenak emateko.

Maiatzaren 3an Cabacasen gurasoek hitz egin zuten Batzorde horretan, eta "isiltasun ituna" ote dagoen ikertzeko eskatu zuten.

Gaur, Julen Arzuaga EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu du aukera bat dela Ertzaintzak "isiltasun ituna" egin izana. Segurtasun sailburuak gogorarazi dio Cabacas hil eta hilabete batzuetara hartu zuela kargua, baina akusazio hori "larria" dela esan dio, "delitua" baita Justiziaren jarduera oztopatzea.

Segurtasun sailburuak adierazi du Ertzaintzak duela "gertakarien errealitatea" ezagutzeko "interes handiena". Hori dela eta, Justiziak lehenbailehen argitzea espero du.

Beltran de Herediak aitortu egin du Ertzaintzaren jokabidean "hutsegiteren bat" izan zela, baina ikerketa judiziala amaitu arte itxaroteko deia egin du.

Grabaketak

Segurtasun sailburuak Cabacas hil baino lehenago ertzainburu batek ertzain batekin izan zuen elkarrizketa ere izan du hizpide, ertzainburuak "guztiarekin" oldartzeko agindua eman baitzien Bilboko agenteei.

Beltran de Herediak kritikatu du era "partzialean" zabaldu direla grabaketa horiek.

Aresek aitortu du balitekeela "akatsak" edo "huts egiteak" egon izana, baina "inork ez" zuela inori kalte egiteko asmorik eduki azpimarratu du.

Bestalde, Cabacas hil zen egunean Ertzaintzaren operatiboa zuzendu zuen ertzainak ez du Legebiltzarrean agerraldirik egingo.

EH Bilduk ertzain horren agerraldia eskatu zuen, baina Segurtasun Batzordeak eskaera hura bertan behera utzi du. Izan ere, EH Bildu izan da aldeko botoa eman duen alderdi bakarra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea