Politika -
Bake prozesua
Iheslari Politikoen Kolektiboa aurkeztu dute, prozesuan parte hartzeko
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) mintzakideak aurkeztu ditu Baionan eta "gatazkari irtenbidea emateko" duten proposamena entzuteko eskatu die Frantziako eta Espainiako gobernuei.
Erredakzioa
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa (EIPK) aurkeztu dute gaur goizean eta "gatazkari irtenbidea emateko" duten proposamena entzuteko eskatu diete Frantziako eta Espainiako gobernuei.
Kolektibo horretako hogei bat lagunek prentsaurrekoa eman dute Baionan (Lapurdi), aukeratu dituzten 14 solaskideen berri emateko.
Datorren larunbatean Biarritzen (Lapurdi) haien ekimena sustatzeko egingo duten ekitaldian parte hartzeko deia egin dute, bertan aurkeztuko baitute "gatazkari irtenbidea emateko" proposamena.
"Nahitaezkoa da euskal iheslari politikoekin hitz egitea, iheslarien arazoa konpondu behar baita gatazka politikoari irtenbide osoa emateko. Gainera, prozesu honetan hitza hartu eta parte izan behar dugu", adierazi dute gaurko prentsaurrekoan.
Era berean, iheslarien egoerari irtenbidea emateko prozesuan inplika daitezela eskatu diete euskal alderdi politiko, sindikatu eta eragileei.
IEPK-ren solaskideen artean Tomas Linaza Etxeberria (1985ean Frantziatik Kabo Berdera bidali zuten). Alfonso Etxegarai (1986tik Santo Tomen dago), Josu Abrisketa (80ko hamarkada hasieran Kubara bidali zuten), Josu Lariz (Uruguay) eta Raquel Garcia (Bruselan dago, Belgikak uko egin baitzion 2004an Espainiaratzea) daude.
Barne eztabaida "oso zaila" izan omen da, "kontinente guztietan" sakabanatuta daudelako, baina azkenean "ondorio historikora" iritsi dira solaskideak aukeratuta.