Politika -

Bake eta Bizikidetza Plana

EH Bilduk gatazkaren arrazoiak faltan bota ditu Bake Planean

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planean ETAri zilegitasuna kentzeko lana egitea eta memoria "nahi erakoa" ez izatea eskatu du EAEko PPk.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: Efe
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Plana "gatazkaren ondorioetan" geratu dela uste du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, eta "ondorioen zergatiak" ez azaltzea faltan bota du.

Arzuagak agerraldia egin du Gasteizko Ganberan, Iñigo Urkullu lehendakariak gaur aurkeztutako agiria aztertzeko. Arzuagaren hitzetan, testuak aspektu "oso positiboak" ditu, baina baita "oso eztabaidagarriak" ere.

Gatazkaren ondorioen eta arrazoien irakurketa "integrala" egitea eskatu du Arzuagak, eta lanaren helburu nagusia "indarkeriarik eta inposaketarik ez" izatea proposatu du.

Planean azaltzen den "errealitatearen printzipioa" jorratzeko eskatu du koalizio abertzaleko legebiltzarkideak; izan ere, errealitatea aldatu da ETAk indarkeriari uko egin eta gero, baina zenbait aspektutan aldaketarik ez dela eman erantsi du.

PP

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planean ETAri zilegitasuna kentzeko lana egitea eta memoria "nahi erakoa" ez izatea eskatu du EAEko PPk.

Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusiak prentsaurrekoa eman du Urkullu lehendakariak aurkeztutako egitasmoaz iritzia emateko, eta "hobetu" beharra dagoela eta "zuzentzeko gauza asko" dituela adierazi du.

PPk gaur goizean jaso du Bake eta Bizikidetza Plana, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak aurkeztu baitio gaur goizean.

Oyarzabalek gogor kritikatu du testua hedabideen aurrean aurkeztu duten egunean bertan jaso izana. Hala ere, bere alderdiak "ekarpen asko" egingo omen dizkio testuari, hiru hilabeteko epea ireki baitute alderdien eta bestelako eragileen aholkuak jasotzeko.

"Nahitaezkoa da PPren ikuspegia bertan jasotzea", Oyarzabalen ustez. Era berean, "terrorismoari zilegitasuna kentzeko lan berezia" egitea eskatu dio egitasmoari, eta memoriaz jarduten dutenean, ez dezatela orokortu, ETAren indarkeria azpimarra dezatela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea