Politika -
Astearte honetan, aurkezpena
Iraganaren kritika eta elkarbizitza, Bakegintza Planaren ardatzak
Eusko Jaurlaritzako iturriek iragarri dutenez, Iñigo Urkullu lehendakariak egitasmoaren ardatzak azalduko ditu astearte honetan, Gobernu Kontseiluaren ostean.
Erredakzioa
50 urteetan zehar Euskadin pairatutako indarkeriaren irakurketa kritikoa egin nahi du Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Bakegintza Plan berriak, eta baita elkarbizitza finkatzeko beharrezko neurriak martxan jarri ere.
Eusko Jaurlaritzako iturriek iragarri dutenez, Iñigo Urkullu lehendakariak egitasmoaren ardatzak azalduko ditu astearte honetan, Gobernu Kontseiluaren ostean. Dagoeneko talde sozial ezberdinek euren ekarpena egin diote egitasmoari.
Eusko Jaurlaritzak zirriborroa egin du, baina bakegintzarako eta elkarbizitzarako eragileek egin ditzaketen proposamenak hartzeko prest dago oraindik. Udan behin betiko onartu behar dute, eta hiru helburu nagusi ditu.
Hiru xede nagusi
Eskubideen urraketa, zatiketa, ernegazio eta urduritasun egoera bizi izan du Euskadik azken 50 urteetan, ondorioz, iraganaren irakurketa kritiko bat beharrezkoa da.
Bestalde, elkarbizitza printzipioetan eta Exekutiboak hartu beharreko neurrietan arreta jartzen dut egitasmoak, besteak beste, espetxe politikaren aldaketan. Azkenik, bakea indartzeko balioak finkatzeko neurriak zehazten ditu Eusko Jaurlaritzak.
Plana aurkezteko ekitaldia Lehendakaritzan egingo dute, eta datorren asteazkenean Jonan Fernandezek elkarte bakezaleei eta eragile sozialei azalduko die, Bilbon.
Eusko Jaurlaritzak gaur baieztatu duenez, Aintzane Ezenarro "datozen asteetan" hasiko da lanean Bakegintza eta Elkarbizitza Idazkaritzan. Hezkuntza alorrean aholkulari lanak egingo ditu Ezenarrok.