Politika -
Elkarrizketa
Barrenaren ustez 'mendeku politikoa' dago makroepaiketaren atzean
Sorturen bozeramaileak "garai berri baten sustatzaile nagusien kontra" jotzen ari direla salatu du.
Erredakzioa
Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak uste du ezker abertzaleko kideen kontrako makroepaiketek galarazi egiten dutela bakera bidean "historian orri berri bat irekitzea". Horren harira, gogor kritikatu du "garai berri baten sustatzaile nagusien kontra" jotzen ari direla.
Barrenak urriaren 17an ezker abertzaleko 40 kideren kontra, 'Herriko Tabernen' aferaren baitan, hasiko den makroepaiketa izan du hizpide Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Buruzagi abertzalearen esanetan, prozesu horiekin "mugatu" egiten da "herri honetan historiaren beste fase bat" irekitzeko aukera.
Horretarako, borondate politikoa falta omen da, baina "ez PPren aldetik soilik, baizik eta orain arte gaia aparte utzi dutenengandik ere, PPk presio soziala eta politikoa jasotzea galarazten baitute".
Barrenaren arabera, makroepaiketa horiek "herritarren gehiengoak eskatzen duen bakearen aldeko apustua zapuzten dute".