Politika -
Elkarrizketa
Iparraldeko auzapezek ez dute Lurralde Elkargoa 'orain' lortzea espero
Jean-Michel Galant Azkarateko auzapezak uste du alde handia dagoela Espagnacek aurkeztutako zuzenketaren eta Lurralde Elkargoaren artean.
Manu Gimenez
Jean-Michel Galant Azkarateko auzapez eta Garazi-Baigorri herri elkargoko presidenteak "argi" du Lurralde Elkargoa ez dela "orain" lortuko, are gutxiago Frederique Espagnacek Frantziako Gobernuaren deszentralizazio egitasmoari aurkeztutako zuzenketarekin, "alde handia" baitago horren eta Lurralde Elkargoaren artean.
Galantek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "oso positiboa" izan zen larunbatean Ipar Euskal Herrirako Lurralde Elkargoaren alde Baionan egin zuten manifestazioa, nahiz eta hasiera batean "lortutako adostasun zabal handiak jende gehiago bilduko zela pentsatzera eraman".
Galantek azaldu duenez, Iparraldeko sektore guztietako hautetsiek adostu duten Lurralde Elkargoan bertako herritarrek aukeratutako hautetsiek osatutako asanblada bat egongo litzateke, hango politikak finkatzeko.
Frederique Espagnac parlamentari sozialistak, ordea, hasieratik esan omen zuen "ez zuela sinesten proposatzen genuen guztia lortu ahal izango genuela" eta adostutako Lurralde Elkargoaren eta aurkeztutako zuzenketaren artean "alde handia" omen dago. Izan ere, zuzenketan Iparraldeko mugak zaintzen badira ere, ez omen dira "herritarrek zuzenean aukeratutako hautetsiak izango eta ez da zergak kudeatzeko aukerarik emango".
Manuel Valls Barne ministroak Lurralde Elkargoaren kontra agertu duen jarrerari dagokionez, Galantek azpimarratu du "ministroa" dela "ez Gobernua", eta "gorago presidentea dago; horregatik, berari eman nahi diogu hitza".
Era berean, gogorarazi du Iparraldeko auzapezen bi herenek eta Iparraldeko parlamentari hautetsi guztiek babestu dutela Lurralde Elkargoa. Horren aurrean, "noiz arte egon daiteke isilik Gobernua?", galdetu du Galantek, eta bide bakarra Hollanderi zuzentzea eta hark "zerbait mugiaraztea" dela gaineratu du.