Politika -
Bateragune auzia
Otegiren helegitea, gehiengo kontserbadoreko epaimahai baten esku
Auzitegi Konstituzionala berritu egingo dute egunotan, eta gehiengo progresista izatetik, gehiengo kontserbadorea izatera pasatuko da. Horrek eragina izan lezake Bateragune auzian.
David Perez | eitb.com
Auzitegi Konstituzionalean Bateragune auziko helegiteak aztertuko dituen epaimahaia zeharo ezberdina izango da azken bi urteotan Sortu eta Bildu legeztatu dituenarekin alderatuta.
Orain, gehiengo progresista dago Konstituzionalean: zazpi epaile, bost kontserbadoreren aurka. Aste honetan, baina, berritu egingo dute goi auzitegia, eta seguru aski indar banaketa justu aurkakoa izango da: zazpi kontserbadore, bost progresitaren aurrean.
Ekainaren 9an, lau epaileren agintaldiak bukatuko dira (Pascual Sala, Manuel Aragon eta Pablo Perez-Tremps progresistak eta Ramon Rodriguez Arribas kontserbadorea). Horren aurrean, Botere Judizialeren Kontseilu Nagusiak (BJKN) bi ordezko izendatuko ditu, eta Espainiako Gobernuak, beste bi.
Arazoa Kontseiluan dago, negoziazioak ez aurrera ez atzera baitaude. Oraingoan, gainera, Gonzalo Moliner BJKNko presidenteak Konstituzionaleko kide izateko hautagaitzak aurkeztea baimendu du.
BJKNk ez du prozedura finkorik Konstituzionaleko epaileak izendatzeko. Orain arte, osoko bilkuretan eztabaidatu izan dituzte balizko izendapenak, baina hautagaitza aurkeztu gabe.
Kontseiluaren izendapena lortzeko faboritoak Ricardo Enriquez eta Jose Lopez kontserbadoreak eta Juan Antonio Xiol eta Candido Conde-Pumpido progresistak dira.
Hasiera batean, Enriquezek babes nahikoa du, baina progresisten artean zatiketa handia dago.
Bestalde, argi dago Espainiako Gobernuak izendatuko dituen bi epaileak kontserbadoreak izango direla.
Konstituzionala berritzea garrantzitsua da Mariano Rajoyren Gobernuarentzat, auzitegi horrek oihartzun handiko hainbat auzi aztertuko baititu hurrengo hilabeteetan, hala nola Bateragune auzia bera, Kataluniako Parlamentuak onartutako adierazpen independentista, funtzionarioei abenduko ordainsaria kendu izana eta lan erreforma.