Politika -

Aieteko Foro Soziala

Sorturentzat 'baliagarriak' dira Foroaren aholkuak, akordioak lortzeko

Ezker abertzalearentzat "erreferentzia baliagarria" dira aurrera egiteko, nahiz eta ez duten "% 100ean bat egiten".

Sorturen bozeramaileak. Argazkia: Efe
Sorturen bozeramaileak.
Sorturen bozeramaileak. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sorturen arabera, Foro Sozialak Bake Prozesua Sustatzeko eman dituen aholkuak "erreferentzia baliagarria" dira aurrera egiteko, nahiz eta ez duten "% 100ean bat egiten".

Pernando Barrena eta Amaia Izko Sorturen bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute ezker abertzaleak hamabi aholku horien inguruan duen iritzia agertzeko. Lokarrik, Bake Bideak eta Foro Sozialean parte hartu duten nazioarteko adituek Iruñean eta Bilbon martxoan egin zituzten bileretan adostutako aholkuak plazaratu zituzten atzo.

Barrenak azaldu duenez, "logikoa" da gai batzuetan "iritzi berbera ez izatea", izan ere, "bakoitzak bere jarrera du" eta Foroak "adostasunera iristeko metodologia" proposatzen du.

Horren harira, Foroak baztertu egiten du ETAk eta Espainiako eta Frantziako gobernuek negoziazioak abiatzea desarmatzeaz eta presoez hitz egiteko, eta puntu horretan, Sortuk "bere iritzia" aldarrikatuko du.

Hala ere, eta Foroaren aholkuari erreferentzia eginez, Barrenak aitortu du egindako kaltearen aitortza posible dela, "edozein sektoreren aldetik", baita ETAko presoen aldetik ere.

Ez dio sinesgarritasunik ematen ETAren balizko itzulerari

Buruzagi abertzaleak Carlos Bautista Auzitegi Nazionaleko fiskalaren hitzak ere izan ditu hizpide, eta gezurtatu egin du ETAk berriro armak hartzeko arriskua dagoela.

Barrenak ez die "inolako sinesgarritasunik" eman fiskalaren adierazpenei, "desirak errealitatearekin nahasten" ari dela iritzita.

"Adierazpen horiek errealitateak berak gezurtatzen ditu, eta hitz horiekin ezkutatu egin nahi dute Estatuak eta bere organoek bake prozesua oztopatu nahi dutela", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea