Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Zabaleta: 'Akats larria litzateke Foro Soziala kontuan ez hartzea'
Aralarreko koordinatzaile nagusiak baloratu egin du ETAri desarmatzea egindako eskaera. Izan ere, "[ETA] ezin da egon desarmea nahi ez duen Estatu baten zain".
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak ohartarazi duenez, bakearentzat "akats larria" eta gizartearentzat kaltegarria izango litzateke Lokarrik sustatutako Foro Sozialak egindako gomendioak "kontuan ez hartzea".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, foro horren 12 gomendioak "zentzuzkoak, demokratikoak eta giza eskubideetan oinarrituak" direla adierazi du Zabaletak.
Besteak beste, Foro Sozialak desarmatzea eskatu dio ETAri, eragindako mina aitortzea presoei eta espetxe politika aldatzea Gobernuari.
Zabaletaren ustez, "lotsagarria" da Espainiako Gobernuaren Atzerri Ministerioak elkarrizketaren alde egitea Siriako gatazka konpontzeko, baina ez euskal gatazkari irtenbide emateko.
Buruzagi abertzaleak txalotu egin du Foro Sozialak "giza eskubideak eta askatasun demokratikoak bermatzeko erreformak" eskatu izana, askatasun eta eskubide horiek askotan "kolokan" izan baitira, "terrorismoaren aurkako legeen ondorioz".
Gainera, baloratu egin du ETAri desarmatzeko egindako eskaera. Izan ere, "[ETA] ezin da egon desarmea nahi ez duen Estatu baten zain".