Politika -

ETAren itzulera

Gobernuak ez du atentaturik egongo denik ondorioztatzen duen txostenik

Gaur bertan, Carlos Bautista fiskalak esan du balitekeela ETAn zatiketa izatea eta bertako kideek jarduera armatua berreskuratzea. Barne Ministerioak esku artean dituen hainbat txosten aipatu ditu.

Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroa. EITB
Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroa.
Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroa. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barne Ministerioak ez du inolako txostenik ETAk atentatu gehiago egingo dituela dudarik gabe ondorioztatzeko, terrorismoari aurre egiteko taldeek Efe agentziari azaldu diotenez. Hala ere, arrisku hori egon badagoela agerian uzten duten azterketak esku artean dituztela aitortu dute.

Izan ere, gaur bertan Carlos Bautista Auzitegi Nazionaleko fiskalak ohartarazi du balitekeela ETAn zatiketa izatea eta bertako kideek jarduera armatua berreskuratzea. Barne Ministerioak esku artean dituen txostenak aipatu ditu fiskalak.

Terrorismoaren kontrako taldeek argitu dutenez, ez Poliziak ez Guardia Zibilak ez diote Barne Ministerioari inolako txostenik igorri zatiketa baten ostean ETAk atentatuak egiteari berriro ekingo diola ondorioztatzeko.

Hala ere, iturri horiek aitortu dute egungo egoeraren eta ETAren etorkizunaren inguruko azterketa ezberdinekin lan egiten dutela segurtasun indarrek. Azterketa horietako batzuen arabera, ETAn zatiketa egoteko arriskua egon liteke, baina ez dute aukera hori erabat baieztatzen. Beste txosten batzuek, bestalde, ez dute arrisku horretaz ohartarazten.

Fiskalak gaur bertan esan duenez, ''blokeo'' egoeraren aurrean ''banatzeko'' eta ''jarduera armatua berreskuratzeko arriskua'' egon liteke, Barne Ministerioak esku artean dituen hainbat txostenen arabera.

Horren ustez, egoera orain ez da berdina, eta ETAk martxoaren 26an kaleratutako komunikatua aipatu du horren adierazgarri. ETAk testu hartan jasotako hitzak gogoratu ditu fiskalak; alegia, ''hemen denak aritu dira oinarri faltsuekin'', eta, ''aldebiko prozesuan bi aldeen lagapenak beharrezkoak dira''.

Lagapen horiek egongo ez balira, ''orain bizi dugun blokeo fasea sortuko litzateke, ETAk berak aitortu duenez'', gaineratu du fiskalak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea