Politika -
Aiete
Jaurlaritzak 'aurrerapausoa' ikusi du Foro Sozialaren ondorioetan
Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusiak azaldu duenez, aholkuak "positiboak dira orokorrean", nahiz eta batzuetan premiazkoa ikusi "ñabardurak" egitea.
Erredakzioa
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusiak adierazi duenez, "positiboak dira orokorrean" Foro Sozialak euskal bake prozesua sustatzeko adostu dituen aholkuak, "aurrerapausoa" baitira.
Fernandezek begi onez jo ditu Foro Sozialak Aieten egindako bileran plazaratu dituen aholkuak, nahiz eta batzuetan premiazkoa ikusi "ñabardurak" egitea.
Gaineratu duenez, "ekarpena izango da ETAren indarkeriaren amaiera eta elkarbizitzaren normalkuntza soziala egonkortzeko".
Bake eta Elkarbizitzarako idazkari nagusiak azpimarratu du aholkuen "benetako eragina adostasunak sortzeko gaitasunarekin" neurtuko dela, eta "hitzak ekintza zehatz bihurtzen direnean" ikusiko dela hori.
Horren harira, "bi lehentasun markatu dituzte: alde batetik, ETAren desarmea eta desegitea; eta bestetik, kartzela-politika berria lortzeko alderdien arteko adostasuna", adierazi du Fernandezek.
Jaurlaritzaren ordezkariak "pauso txikiak" ematea aldarrikatu du, "pauso handiak ematea ezinezkoa denean", eta "norberak bere ardura bere gain" hartzeko deia egin du.
"Jaurlaritzak bere egin du konpromisoa. Ekimena hartzeko eta bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu du. Horren xehetasun guztiak Bake eta Elkarbizitza planean agertuko dira, ekainean", jakinarazi du Fernandezek.