Politika -
Ibilaldia, Portugaleten
LOMCE legea erretiratzeko eskatuko du Jaurlaritzak, akordiorik ezean
'Euskal hezkuntza itunean' aurrerapausoak ematen jarraitzeko beharra nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Erredakzioa
Akordiorik ezean, LOMCE legea erretiratzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Portugaleteko Ibilaldiaren hasierako ekitaldian iragarri duenez.
Cristina Uriartek eta Iñigo Urkullu lehendakariak Bizkaiko ikastolen aldeko jaiaren hasierako ekitaldian parte hartu dute, eta hezkuntza erreforma izan dute hizpide bertan.
Euskal hezkuntza sistema "propioa" goraipatu du Cristina Uriartek, eta akordiorik ezean hezkuntza erreforma erretiratzea eskatzeko asmoa agertu du.
"Espainiako Gobernuak azken urteotan egindako bost hezkuntza erreformen aurrean, euskal hezkuntzan egindako itunak ongi funtzionatu du", Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera. Gaineratu duenez, hezkuntza komunitatea osatzen dutenei parte hartzeko aukera eman diete. Horren arabera, "hori da aurrera egiten jarraitzeko bide egokia".
Bestalde, Hezkuntza erreformari irmotasunez erantzuteko eskatu dio Isabel Celaa PSE-EEko hezkuntza gaietako arduradunak Eusko Jaurlaritzari. Celaaren esanetan, hezkuntza erreforma aplikatzen badute, atzerapauso nabarmena izango da euskal hezkuntza sisteman. Horregatik, Jaurlaritzaren eskumenak babesteko eta LOMCEren legearen kontra egiteko bidelagun izatea proposatu die jeltzaleei.