Politika -
Aurkezpena Bilbon
'Gure Esku Dago', erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena
Nazioen Mundua elkarteak azaldu duenez, "Europan abian da autodeterminazioaren trena, eta euskal herritarrek ere tren horretara igotzeko aukera dute".
Erredakzioa
Erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritarrak elkartzeko 'Gure Esku Dago' izenburuko dinamika aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Nazioen Mundua elkartetik abiatuta, "mugimendu anitza da, amankomuna, irekia eta herritar gehiago biltzeko helburu duena".
Nazioen Mundua elkarteko kideek azaldu dutenez, Euskal Herrian aspaldikoa da erabakitze eskubidearen aldeko aldarria. Horren esanetan, ekimen ugari sortu izan dira eskari horren inguruan. Horren harira, 'Gure Esku Dago' dinamikak horien guztien topaleku izan nahi du. Horretarako, honako hiru ardatz hauek hartuko dituzte oinarri: "Euskal Herria nazioa da, erabakitzeko eskubidea du, eta herritarrak protagonistak dira".
Erabakitzeko eskubidearen alde dauden norbanakoak aktibatzea da 'Gure Esku Dago' ekimenaren helburua. Sustatzaileek diotenez, "Europan abian da autodeterminazioaren trena, Eskozian edo Katalunian kasu, eta euskal herritarrek ere tren horretara igotzeko aukera dute".
Aurkezpena ekainaren 8an egingo dute Irungo FICOBAn. Ekitaldi horretarako, hain justu, abestia sortu dute euskal kulturgintzako hainbat aurpegi ezagunek: Kirmen Uribe, Kepa Junkera eta Eñaut Elorrieta.