Politika -

Erreakzioak

Rajoyk Aznarri: 'Gobernuak norabide zuzena du'

Gobernuko presidenteak ez dio Aznarri zuzenean erantzun izan nahi. Politika ekonomikoak matenduko dituela esan du, nahiz eta "batzuei gauza batzuk gehiago gustatu eta beste batzuei beste batzuk".

Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia. Argazkia: EFE
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia.
Aznarrek ez du politikara itzultzea baztertzen

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak ez dio Jose Maria Aznar Exekutiboko presidente ohiari zuzenean erantzun izan nahi. Politika ekonomikoak matenduko dituela esan du Rajoyk, eta bere Gobernuaren "norabide zuzena" defendatu du, nahiz eta "batzuei gauza batzuk gehiago gustatu eta beste batzuei beste batzuk".

Europako Kontseilua amaitu ostean prentsaurrekoa eman du Rajoyk, baina Aznarren adierazpenetaz hitz egitea saihestu nahi izan du. Zergak "jaistea" eta Gobernuak "ekitea" eskatu zuen atzo Gobernuko presidente ohiak Antena 3 telebistan.

"Nire kezka ez da hori izan behar, kezkatu behar nauena beste gauza bat da", erantzun die Rajoyk kazetarien galderei.

Sindikatuak

Jose Maria Aznarrek ez du baztertu politikara itzultzea, eta CCOO eta UGT sindikatuak eta oposizioko alderdiak horren kontra agertu dira.

"Ez dut sekula nire erantzukizuna saihestu, erantzukizunarekin, kontzientziarekin, alderdiarekin eta herrialdearekin dudan konpromisoa beteko dut, ondorio guztiekin, ez izan zalantzarik horretan", ziurtatu zuen atzo Aznarrek elkarrizketa batean.

Halaber, Aznarrek Rajoyren gobernuaren kudeaketa zalantza jarri zuen, eta hauteskunde programa betetzeko eskatu zion Espainiako presidenteari, eta, besteak beste, zergak jaisteko.

Espainiako presidente ohiaren adierazpenen harira, iritzi ezberdina plazaratu dute hainbat popularrek. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak adierazi duenez, gustura jaitsiko lituzke zergak, baina egungo krisi ekonomiko egoeran "ez dago horretarako tarterik, defizita handiagotu edo prestazio sozialak arriskuan jarri gabe". Halaber, atzera begira ibiltzeak ez duela ezertarako balio ohartarazi die iragana etsipenez oroitzen dutenei. Montorok gaineratu duenez, Gobernuak zergak jaitsi zituen garaian Espainian % 3 eta % 4 artekoa zen hazkunde maila.

Borja Semper Alderdi Popularrak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazpen polemikoak egin ditu gaur. Horren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialista da Espainiako Gobernuko presidente ohi onena. Hala adierazi du gaur Twitterreko bere kontuan. Pablo Zalba PPko eurodiputatuak berehala erantzun dio Semperri esanez: Nik beti esan izan dut Zapatero izan dela presidente txarrena eta presidente ohi onena". "Nik ere iritzi bera dut", esanez erantzun dio Semperrek Zalbari.

Jesus Posada Diputatuen Kongresuko presidentea Jose Maria Aznar politikagintzara itzultzearen kontra agertu da gaur. Horren ustez, Aznar iragana da, eta orain beste bide bat hartu du alderdiak. Denboraren halebeharrezko joana izan du hizpide Posadak: "Bere momentua izan zuen eta berarekin egon ginenak oso harro gaude, baina iraganeko kontuak dira".

Iñaki Oyarzabal Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak adierazi duenez, PPk Mariano Rajoyren politikak babesten ditu eta Rajoyri eta alderdiari leialtasuna izateko eskatu du. Buruzagi popularraren iritziz, positiboa da alderdikide guztiek beren iritzia ematea eta proposamen berriak mahai gainean jartzea, baina beti ere, "Rajoyri, Gobernuari eta Alderdi Popularrari leialtasuna izanda".

Sindikatuen eta oposizioko alderdien kritikak, Aznarri

Forum Europak antolatutako ekitaldi bat batean parte hartu du Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak eta Aznarren balizko itzuleraz mintzatu da. "Iraganera bueltatzea ez da soluzioa, Espainiak etorkizunera begiratu behar du eta", azaldu du. Toxoren esanetan, Espainia herrialde askea izanik Aznar politikara itzuli daiteke, baina itzulerak ez lioke mesederik egingo Rajoyri.

PPren barne arazoa dela iritzi dio Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak, baina ez du uste berriz ere politikara itzultzea onuragarria izango litzatekeenik.

Oscar Lopez PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, Aznarrek izendatu zuen Mariano Rajoy. Lopezen iritziz, ikasbide gutxiago eman eta gainsoldaten gaineko azalpen gehiago eman beharko lituzke Aznarrek. Ramon Jauregi sozialistak ez du Aznar politikara itzultzerik nahi, eta iritzi berekoa da Eduardo Madina diputatu sozialista ere. Madinak ez du uste gainera, Aznarren itzulera posible denik.

Aznarren adierazpenez galdetuta, honakoa esan du Cayo Lara IUko idazkari nagusiak: "Dagoen tokian ongi dago". Horren ustez, Aznarrek "nahikoa herentzia" utzi du, Espainia Irakeko gerran sartuta.

CiUko Josep Antoni Duran Lleidaren iritziz, Aznarren adierazpenek ez diote onik egin Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. "Ez dakit Aznar itzuliko den ala ez, PPren arazoa da hori, baina itzultzen bada berarekin hitz egiten ahalegindu beharko dugu. Aznarrek gehiengo absolutua izan zuen garaiko oroitzapen txarrak ditut", gaineratu du.

Joan Coscubielako Izquierda Pluraleko bozeramaileak ere uste du Alderdi Popularrak erabaki beharreko kontua dela hori. Horren ustez, ordea, "astakeria" da zergak jaistea. Gaineratu duenez, Espainiak diru hori behar du gizarte politikara, hazkunde ekonomikora edota garapenera bideratzeko. "Ez litzaiguke gustatuko Aznarren garaira itzultzea", adierazi du.

Coalicion Canariako Ana Oramas diputatuaren esanetan, egoera "erabat kafkiarra" litzateke. Hala ere, ez du uste Aznar politikagintzara itzuliko denik, "PPren barruan Rajoy babesten dutelako, eta ez dutelako nahi Aznar itzultzerik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea