Politika -

'Barcenas auzia'

Del Burgok arabera, Aznarrek ontzat eman zituela hainbat ordainketa

Ruz epailearen galderei erantzun die, bideo-konferentzia bidez, eta ''bitartekaria'' zela azpimarratu du Del Burgok. Abascalek esan du ez duela gogoratzen ''nork'' eman zizkion 12.000 euroak.

Jaime Ignacio del Burgo: EFE
Jaime Ignacio del Burgo
Del Burgok jaso zuen dirua berarentzat ez zela berretsi dio epaileari

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Aznar Gobernuko presidente ohiak Calixto Ayesa PPko kideari 1992 eta 1995 bitartean alderdiak egin zizkion 600.000 pezetako (3.600 euro) ordainketak ontzat eman zituela esan du epailearen aurrean Jaime Ignacio del Burgo PPk Kongresuan zuen bozeramaileordeak.

Auzitegiko informazioaren arabera, Ustelkeriaren kontrako fiskalak egindako galderei erantzunez egin ditu adierazpen horiek Del Burgok.

Ruz epailearen aurrean lekuko gisa deklaratu du PPko kideak astearte honetan, bideo-konferentzia bidez, 'Barcenasen agiri'etan jasotzen denez, ustez, 26.429 euro jaso zituelako. Alderdiko bi afiliaturi ordaintzeko ''bitartekaria'' izan zela esan dio epaileari Del Burgok, eta, gainera, alderdiaren ''zuzentasuna'' defendatu du.

PPko bozeramaile ohiak azaldu duenez, bi afiliaturi ordaintzeko zen dirua, eta Elena Murillo Atarrabiako UPNko zinegotzia izan zen ordainketa jaso zuenetako bat. ETAk 2001ean bere etxebizitzaren kontra atentatua egin ondoren, berau utzi behar izan zuen Murillok, eta, horretarako, 500.000 pezeta (3.000 euro) jaso zituen PPren eskutik.

Bigarren afiliatua Calixto Ayesa Nafarroako PPko kidea izan zen. Ayesari 23.439 euro eman zizkioten 1991 eta 1993 bitartean, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari lanetan aritu ahal izateko mediku kontsulta itxi ondoren ordainsari gisa, Del Burgok epaileari azaldu dionez.

Calixto Ayesari berari ere deklarazioa hartu dio gaur epaileak, baina Ayesak ez du adierazpenik egin Nafarroako Justizia Jauregira iristean, ezta bertatik irtetean ere.

Santiago Abascalek dio ez duela gogoratzen ''nork'' eman zizkion 12.000 euroak

1999ko uztailean jasotako 12.000 euroak ''nork'' eta ''nola'' eman zizkion gogoratzen ez duela esan dio Ruz epaileari astearte honetan Santiago Abascal Escuza Arabako batzarkide eta Amurriko zinegotziak. Etxebizitzan jasandako eraso batek eragindako kalteak konpontzeko jaso zuen dirua, PPko kideak azaldu duenez.

Auzitegi Nazionalean deklaratu du Abascalek, lekuko gisa, eta ordainketa hori ''orain 14 urte'' izan zela argudiatuta, xehetasunak gogoratzen ez dituela esan du.

"19 miloi pezeta (114.000 euro) inguruko kalteak eragin zituen erasoak, eta alderdiak bi milioirekin lagundu zidan'', azpimarratu du.

Gainsoldatak jaso izana onartu zuten atzo PPko bi kidek

Atzo bertan, PPko bi kidek gainsoldatak jaso izana onartu zuten epaile aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea