Politika -
Espetxe-politika
Herrirak laguntza eskatu dio Jaurlaritzari, espetxe-politika aldatzeko
Herrirako ordezkariek azpimarratu dute ezinbestekoa dela "sakabanaketa edo bizi osorako zigorra bezalako neurriak baliogabetzea eta gaixotasun larriak dituzten presoei irtenbidea ematea".
Erredakzioa
Herrirak Eusko Jaurlaritzari inplikazioa eskatu dio, egun indarrean dagoen espetxe-politika aldatzen laguntzeko eta, ondorioz, presoen aurkako "eskubide urraketak" amaitzeko.
Jon Garay eta Nagore Garcia Herrirako ordezkariak Jonan Fernandez Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako ardurandunarekin eta Monica Hernando Giza Eskubideen departamenduko zuzendariarekin bildu dira.
Herrirako bozeramaileek kezka agertu diete, "Espainia eta Frantziako gobernuek presoen eta euren senideen aurka burutzen ari diren giza eskubideen urraketak direla eta".
"Sakabanaketa, bizi osorako zigorra edo gaixotasun larriak dituzten presoen aurkako salbuespen neurriak, heriotza gehiago eragin ditzaketen erabaki politikoak dira", salatu dute. "Espetxe-politika egungo testuinguru politiko berrira egokitu behar da", erantsi dute.
Herriraren iritzian, "konponbidean, bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko, ezinbestekoa da eskubide urraketa guztiak amaitzea eta, beraz, arduragabekeria handia litzateke horren ondorio humano larriak izateko arriskua hartzea denbora igarotzen utzita".
Gaurko bileraren bitartez, Herrirak agerian utzi nahi izan du agintari politiko eta instituzioen aurrean, "euskal gizartean adostasun zabala" dagoela "egungo espetxe-politikak ahalbidetzen dituen salbuespen neurriak eten behar direla esaterakoan".