Politika -

Lehendakaria-alderdiak bilera

EH Bilduk sindikatuak eta eragileak hartuko dituen mahaia eskatu du

Koalizio abertzalearen arabera, Urkullu "inprobisatzen" ari da alderdiekin eta aldundiekin izaten ari den bileretan, ez baitie "agiri edo txostenik helarazi" hitzorduaren aurretik.

Oskar Matute EH Bilduren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Oskar Matute EH Bilduren bozeramailea.
Oskar Matute EH Bilduren bozeramailea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk sindikatuak eta eragile sozialak ere hartuko dituen mahaia antolatzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Gaurko bilerari dagokionez, "jarrera kritikoarekin" joango omen dira gaurko mahai politikora, eta EAJri "ze herri eredu eraiki nahi duen eta norekin egingo duen argitzeko" eskatuko dio.

Donostian emandako prentsaurreko batean Peio Urizar eta Oskar Matute EH Bilduren bozeramaileek azaldu dutenez, Urkulluk "nahasmendutik atera behar du, eta Madrilgo murrizketak ezartzen jarraitu behar duen edo euskal gizartearen aldarrikapenak entzungo ote dituen argitu". Hau da, lehendakarik "zein eredu sozial, ekonomiko eta politiko sustatuko duen" azaltzeko deia egin diote lehendakariari.

Gainera, EH Bilduk "alternatiba sendoa" eramango omen du gaurko bilerari, EAJren eredu "zaharkitua" gainditzeko. Horren harira, politika fiskal berria, iruzurraren kontrako neurriak, gizartearen zerbitzura egindako zorpetze publikoa, politika sozialak indartzeko neurriak, murrizketen kontrako jarrera, kalitatezko sektore publikoaren defentsa eta enplegua sustatzeko egitasmo zabala jarriko omen dituzte mahai gainean.

Bestalde, Urkulluk bileraren aurretik "agiri edo proposamenik" bidali ez izanak Jaurlaritzaren "inprobisazioa" eta bilerak "marketing politiko hutsa" direla agerian uzten dutela salatu dute.

EH Bilduren arabera, "Urkulluk antzeztu nahi duen adostasun politiko faltsuak ez dio zilegitasuna emango bere politikari, are gutxiago langileen eta pertsonen kontrako neurriak hartzen ari direnean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea