Politika -

Urkulluren Mahai Politikoa

Foru Ogasunak elkarrekin komunikatuta egotea proposatuko du gaur EAJk

Datu baseak denbora errealean komunikatu ahal izateko aukera mahai gainean jarriko dute jeltzaleek. Akordiorako itxaropen txikiarekin doa oposizioa mahai politikora.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Oposizioa akordiorako itxaropen txikiarekin doa mahai politikora

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru aldundietako Ogasun sailetako datu baseak ''denbora errealean'' komunikatuta egotea proposatuko die astearte honetan EAJk gainerako alderdiei, Iñigo Urkullu lehendakariak Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin egoteko deitu duen mahai politikoan. PSE-EEk eta EH Bilduk eskatu izan duten neurria da hau, eta, orain arte, jeltzaleen ezezkoa jaso izan du proposamenak. Oposizioko alderdiak, berriz, akordiorako itxaropen txikiarekin doaz mahai politikora.

Ohar baten bidez EAJk argitu duenez, erreforma fiskala jorratzeko eta iruzur fiskalari aurre egiteko plana eramango du bilera horretara.

Hala, EAJk Alderdien Mahaira eramango duen lehen proposamenak neurri zehatzak aurreikusten ditu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga, Oinordetza eta Dohaintzaren gaineko zerga eta Ondarearen transmisioaren gaineko zerga aldatzeko, eta, halaber, zerga berriak adosteko, jeltzaleek argitu dutenez.

EAJk gainerako talde politikoei aurkeztuko dien bigarren agiria Iruzur Fiskalaren kontrako Egitasmo Integrala da. Zehazki, iruzurraren kontrako borrokarako batzordea eratzea, zergak foru ogasun ezberdinetan ordaindu behar duten erakundeak ikuskatzea eta foru ogasunetako datu baseak denbora errealean komunikatu ahal izatea aurreikusten du.

''Lehendakariak biharko deitu duen bilerara EAJk asmo eraikitzailea eramango du, asmoetatik ekimenetara igarotzeko gogoarekin eta denon laguntasuna behar delako ustearekin, une honetan pairatzen dugun egoera ekonomiko latzari aurre egiteko gutxieneko lankidetza puntuak ezarri ahal izateko'', jeltzaleek ohar horretan adierazi dutenez.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Joseba Egibar Legebiltzarreko bozeramailea izango dira biharko hitzorduan.

Akordiorako itxaropen txikiarekin joango da oposizioa mahai politikora

EAJk proposamenen berri eman aurretik, oposizioko alderdiak itxaropen gutxirekin agertu dira egonkortasun itun bat eta ekonomia suspertzea bilatzeko lehendakariak deitu duen bileraren aurrean. Hitzordu horrek emaitza zehatzak emateko "aurretik lan gehiago" egin behar zela esan dute alderdi guztiek.

Bileran hizpide izango diren zortzi gaien idatzia bidali die lehendakariak azken orduetan EH Bilduri, PSE-EEri, PPri eta UPyDri. Gai-zerrendak zortzi puntu ditu: egoera ekonomikoaren diagnosia; enpleguaren eta diru-bilketaren eboluzioa; atzeraldia Europan; zerga erreforma; iruzurraren aurkako borroka; defizitaren malgutzea eta ekonomia suspertzeko ez ohiko plana; politika publikoak eta gizarte politikak; eta egitura instituzionala.

Oposizioko alderdiek lehendakariak proposatzen dituen xehetasunen falta sumatu dute, bilerara ekarpenak eta beste proposamenak eraman ahal izateko.

Aldundiekin bilera teknikoa

Gaurko hitzorduaren aurretik, astelehen honetan bilera egin dute Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta hiru aldundietako Ogasun arduradunek. Mahai gainean bi gai nagusi izan dituzte: defizita malgutu ondoren zorpetuta lortuko litzatekeen dirua nola banatu eta politika fiskalean egin beharreko aldaketak.

Gatzagaetxebarriak bileraren ondoren azaldu duenez, defizitaren balizko malgutasunaren ondorioz sor daitekeen diruaren banaketaren inguruan ''aurre-akordioa'' lortu dute, eta, hala, Jaurlaritzak aldebiko bilerak egingo ditu alderdiekin aste honetan, diru hori zein proiektutara bideratu erabakitzeko. Guztira 180 milioi euroko funtsa litzateke, eta Jaurlaritzak % 70 hartuko luke beretzat, inbertsio eta berpizkunde ekonomikoa bultzatzeko proiektuetara bideratzeko.

Helena Franco Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatuaren hitzetan, bilera ''positiboa'' izan da. ''Akordio globalik'' lortu ez duten arren, emaitzek Gipuzkoak aurkeztutako proposamenarekin bat egiten dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea