Politika -

Bilera lehendakariarekin

Patxi Lopezek ez du baztertzen PSOEren primarioetan aurkeztea

"Alderdi guztiak gauden mahai batean oso zaila iruditzen zait adostasunera iristea", adierazi du, bihar alderdiek lehendakariarekin egingo duten bileraren harira, PSE-EEren buruak.

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia. Argazkia: Efe
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia.
Patxi Lopezek ez du baztertzen PSOEren primarioetan aurkeztea

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak PSOEko primarioetarako jarri dituzten "epeak errespetatzea" eskatu du; izan ere, momentu egokira arte ez omen du iragarriko hautagaitza aurkeztuko duen ala ez.

Patxi Lopezek ukatu egin du PSOE "egiten ari den bakarra alderdiaren argazkia aldatzea" dela, eta "herritarrei proiektu sinesgarria aurkezteari" eman dio lehentasuna.

"Nire ustez, PSOE ezinbestekoa da Espainian, PSOE gabe arazo larria izango genuke gure herrialdean. Horregatik, PSOEren proposamenekiko eta epeekiko errespetua eskatzen dut", adierazi du aurreko lehendakariak, Eduardo Madina primarioetan ziurrenik aurkari izango duena aldamenean zuela.

Patxi Lopezek azpimarratu du PSOE proiektu politikoa zehazten ari dela, "eskuinaren benetako alternatiba" izateko, eta alderdiaren burua horren ondoren aukeratuko dutela jakinarazi du.

"Eztabaida horiek amaitzen direnean ikusiko dugu PSOErentzat zein den pertsona egokiena", adierazi du Patxi Lopezek, primarioak 2014ko maiatzean izango diren Europar Batasuneko hauteskundeen ondoren izango direla eta.

Alderdiak-lehendakaria bilera

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak esan du "oso zaila" dela Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiak adostasunera iristea bihar Iñigo Urkullu lehendakariarekin egingo duten bileran, "oso jarrera kontrajarriak" daudela iritzita.

Forum Europak antolatutako gosari-informatibo batean azaldu duenez, "akordio zabala" beharrezkoa da "sakoneko arazoak konpontzeko", baina ez daki bihar Ajuria Enean deitutako bilera ote den horretarako egokiena.

"Alderdi guztiok gauden bilera batean oso zaila iruditzen zait, are gehiago erkidegoaren egoeraz, erreforma fiskalaz, administrazioaren erreformaz, zerbitzu publikoez eta enpleguaren eta ekonomiaren hazkundeaz hitz egin behar dugunean", gaineratu du.

Haren esanetan "oso zaila da horren jarrera kontrajarriak ditugun alderdion artean, PPk murrizketak defendatzen baititu, eta PSOEk hazkundea eta enplegua".

Lehendakariak "benetan akordioetara iristeko bidea ireki nahi badu, sukalde lan gehiago egin behar du, eta zer nahi duen azaldu", adierazi du Patxi Lopezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea