Politika -
Barañainen
Pello Urizar EAren idazkari nagusi hautatu dute berriro
Pello Urizarrek aldebakarreko independentziaren alde egin du eta EH Bilduren apustua berretsi du.
Erredakzioa
Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari orokor hautatu dute berriro, aldeko 268 botorekin, 13 abstentziorekin eta kontrako boto bakarrekin. Barañainen egin duten alderdiaren 10. Batzar Nazionalean, aldebakarreko independentziaren aldeko apustua egin du Urizarrek.
Idazkari orokor izateko hautagai bakarra izan da Urizar, eta "presarik gabe baina gelditu gabe independentziarantz pausoak emateko" eskatu du.
"Praktikan burujabetasunaren bidera pasatzeko unea da", esan du eta bide horrek "bi aldetan adostua" izan behar duela azpimarratu du: "lehenengo, herritarrekin, eta bigarren, Espainiako eta Frantziako estatuekin".
"Madril eta Paris egoerak behartuta soilik sartuko dira bide horretan", adierazi du eta ildo horretan, "azkenean, Estatuek ez dute gehiengoak hauteskundeetan berretsitako aldebakarreko burujabetasun adierazpena onartzea besterik izango".
"Azken erabakia euskal herritarrei dagokie" azpimarratu du eta Eskoziako erreferendumaren adibidea aipatu du.
Hori dela eta, "euskal gizarteak harturiko aldebakarreko erabakian" aurrerapausoak ematearen alde egin du, "inoiz ere ez Espainiari erabakia emanez", zehaztu du.
"Hegoaldeko burujabetasunetik hasi, eta Iparraldeko koordinazio organoekin jarraitzea litzateke", azaldu du.
Biltzar Nagusian EH Bilduren aldeko apustua berretsi dute. 450 kidek txosten politikoa, sozioekonomikoa eta alderdiko estatutuak onartu dituzte.
Biltzarreko berrikuntza Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Idazkaritza eratzea izan da eta Alberto Unamunzaga izango da buru.
Amaiera ekitaldian ezker abertzaleko hainbat kide egon dira, tartean Pernando Barrena eta Txelui Moreno. Asun Fernandez de Garaialde Nafarroako Aralarreko koordinatzailea eta Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidea ere bertan izan dira.