Politika -

M18 Plazara

Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartuko du Lokarrik

Komunikatu batean, atxikimendua adierazi dio Lokarrik deialdiari, eta bere kolaboratzaile guztiak bertan parte hartzera deitu ditu.

Paul Rios Lokarriko koordinatzailea. EFE
Paul Rios Lokarriko koordinatzailea
Paul Rios Lokarriko koordinatzailea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrirak larunbat honetarako deitu duen 'M18 Plazara' ekimenarekin bat egingo duela jakinarazi du Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, komunikatu baten bidez. Herrira mugimenduak elkarretaratzeak deitu ditu maiatzaren 18rako, presoen giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko.

Ostegun honetan kaleratutako idatzian, Lokarrik atxikimendua adierazi dio deialdiari, eta bere kolaboratzaile guztiak deialdian parte hartzera deitu ditu.

''Giza Eskubideen errespetua giltzarria da errespetuan, berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako bizikidetza eraikitzeko. Pertsona guztien duintasuna bermatzea da helburua. Kartzelan dauden horiek ere errespetua merezi duten Giza Eskubideen subjektu dira'', idatzi du herritarren Sareak.

Lokarriren hitzetan, ''Gobernuak Giza Eskubideen hitzarmenak eta zigorren betetzearen inguruko nazioarteko arauak beteko dituen egoera batetik oso urruti dago errealitatea'', eta, ildo horretan, ''urruntzea, gaixotasun larriak dituztenak askatzeari uko egitea edo zigorren luzapena horren eredu garbiak dira''.

Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak uste du egoera hau bukatu egin behar dela eta, ''Gobernuak presoei tratu gizatiarra emateko agindua betetzeko neurri eraginkorrak'' ezarri behar dituela.

''Agindu honekin betetzen ez duen heinean, herritarren mobilizazioa garrantzitsua da argi eskatzeko iraganeko estrategia hauek alde batera utz ditzan eta Giza Eskubideak guztiz bermatuko dituen egoera bat sortzen zinez lagun dezan.'', gaineratu du Lokarrik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea