Politika -

Caja Navarra auzia

Jose Antonio Asiainek ustezko xantaia kasuaren ikerketa babestu du

CANeko presidente ohiak lekuko gisa deklaratu du gaur Iruñean, eta, Justizia Jauregiaren atarian adierazi duenez, ikerketa ongi bideratuta dagoela eta egia jakiteko balio lezakeela uste du.

EiTB
Asiain lekuko gisa deklaratzen ari da, ustezko xantaia kasuagatik

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako (CAN) presidente ohiak lekuko gisa deklaratuko du gaur, ustez berari egindako xantaiaren kasuan. Asiainen iritziz, ikerketa ongi enfokatuta dago eta garapen egokia izan du. Santiago Cervera PPko diputatu ohia inputatuta dago auzi horretan.

08:45 inguruan sartu da Asiain Justizia jauregira, eta atarian esan duenez, ikerketa judiziala eta poliziala "ongi enfokatuta daude", eta azkenean egia jakingo dela uste du. Azaldu duenez, lekuko gisa deklaratzeko deitu dio epaileak, ustezko xantaiaren egilea nor izan den argitzen laguntzeko. Delituaren egilea nor den argitzeko bere esku dagoen guztia egingo duela berretsi du.

Nafarroako Kutxako presidente ohiak egin duen deklarazioa bertatik bertara entzun dute, haren abokatuak, Fiskaltzak, Santiago Cerveraren ordezkariek eta Kontuz elkarteak.

Deklarazioa amaitu ostean, kazetarien aurrean hitz egin du Javier Aiestaran Kontuz elkarteko ordezkariak. Horren esanetan, Asiainen lekukotzak "ez du ezer argitzeko balio izan". "Epaileak xantaia nork egin duen jakin nahi du, eta uste du horretarako ez duela zertan xantaiaren inguruko alderdiak ikertu. Hori logikoa da.", adierazi du. Hala ere, beste prozedura batzuetan horren atzean dagoena ikertu behar dela uste du.

Asiainek ez du kazetarien aurrean adierazpenik egin nahi izan, epailearen aurrean deklaratu ostean. Halaber, Cerveraren abokatuak ere ez du kazetarien aurrean hitz egin nahi izan.

Ustezko xantaia kasua

Abenduan salaketa jarri zuen CANeko presidenteak, mezu elektroniko anonimo bat jaso ondoren. Bertan, 25.000 euro ordaintzeko eskatu zioten, eta, egin ezean, Nafarroako Kutxan irabazten ari zen diru kantitatea kaleratzearekin mehatxu egin zioten.

Egun batzuk geroago, Guardia Zibilak PPko Santiago Cervera atxilotu zuen, hain zuzen ere, Asiainek Iruñeko harresian diruz beteta utzitako gutun-azala hartzera zihoanean. Cerverak, ordea,"tranpa" bat jarri ziotela berretsi zuen kasuko epailearen aurrean. Gaineratu zuenez, Iruñeko harresian CANeko sekretupeko informazioa utziko ziotela esanez, mezu elektroniko anonimo bat jaso zuen.

Kasuko epaileak Santiago Cervera inputatu zuen, eta, ondoren, diputatu aktari uko egin zion. Fermin Otamendi kasuko epaileak mezu elektroniko horien jatorria argitzeko izapideak ireki zituen, eta Cervera eta Asiain deklaratzera deitu ditu.

Duela hilabete inguru deklaratu zuen Santiago Cerverak, eta "tranpa" bat jarri ziotela berretsi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea