Politika -

Ondarroa

Ertzaintzak Urtza Alkorta eraman du atxilotuta

Ehunka pertsonak "herri harresia" egin dute zubian, Urtza Alkorta atxilotuta eramatea galarazten saiatzeko, eta 118 orduko erresistentziaren ostean, Ertzaintzak desegin egin du.

"Herri harresia" egin duten zubia. EFE
"Herri harresia" egin duten zubia. EFE
Ertzaintzak Ondarroako 'herri harresia' desegin du

1:31

D.P./M.G.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Urtza Alkorta gazte ondarrutarra atxilotu du gaur goizean, 118 ordu iraun duen Aske Gunean sartu eta zubian Alkortaren atxiloketa galarazten saiatu diren ehunka herritarrak bertatik aterata. Asle Gunearen antolatzaileek iragarri dutenez, prentsaurrekoa emango dute gaur goizean, gertatutakoaren inguruan egiten duten irakurketa azaltzeko.

Atxilotu aurretik, Urtza Alkortak "indarkeria" ertzainena dela eta "konponbide garaia" dela aldarrikatu du ertzainei.

Urtza Alkorta atxilotuta Ondarroako Aske Gunea efe

Ertzaintzaren 40 furgoneta inguru eta bi 'zodiac' Ondarroako Aske Gunera bertaratu dira gaur goizean, Urtza Alkorta atxilotzeko.

Horren aurrean, ehunka pertsonak "herri harresia" egin dute zubian, gaztea erdian dagoela, "erresistentzia baketsua eta pasiboa" eginez atxiloketa galarazten saiatzeko.

Auzitegi Gorenak bost urteko espetxe zigorra ezarri zion Urtza Alkortari, ETAren talde bati laguntzea egotzita. Nolanahi ere, bere aurkako froga bakarra "torturen bidez" lortutako aitorpen bat dela salatu du gazteak.

Zubian jarraituz gero "erantzukizun penalak edota administratiboak" izan ditzaketela ohartarazi eta gero, ertzainak "herri harresia" osatzen duten pertsonak banan-banan ateratzen hasi dira, 08:00etan. Zubia 50 metro luze eta lau metro zabal da, eta jendez lepo zegoen. Horregatik, azpiegitura eror daitekeela ohartarazi du Ertzaintzak.

Era berean, bi lagun atxilotu eta zortzi identifikatu dituzte Ertzaintza geldiarazten saiatu direnen artean. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atxilotutako bi pertsonei autoritatearen kontrako atentatua leporatzen diete.

Bi atxilotuak aske utzi dituzte arratsaldean, baina epailearen aurrean agertu beharko dira horretarako deialdia egiten dietenean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Zubitik atera dituzten protestariak arrastaka eramaten dituzte antolatu duten segurtasun eremutik kanpora, eta ez diete gerturatzen utzi. Dozenaka ertzainek osatu duten eremuaren ondoan ere ehunka herritar bildu dira Alkortari eta protestariei babesa ematen. Interneteko sare sozialetan ere elkartasun mezu asko jasotzen ari dira, eta #ResistUrtza trending topic da goizean goizetik Espainiako Estatuan.

Hilaren 10etik, milaka pertsonak karpak eta kanpin-dendak jarri dituzte Ondarroan, Aske Gunea izeneko eremuan, gazteari babesa eman eta atxilotuta eramatea galarazten saiatzeko. Gaurko operazioan, ertzainek kanpalekua desegin dute.

Besteak beste, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea eta Maribi Ugarteburu eta Unai Urruzuno legebiltzarkideak daude Aske Gunean, baina Zumardian, ez zubian.

Ertzainburu batekin berbetan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak horren telefono zenbakia eman diola azaldu du Mintegik, eta "mugimendu irregularrik" ikusten badu, deitu egingo diola ohartarazi dio.

'Ertzaintzak pertsona guztien segurtasuna bermatu du'

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Ertzaintza zoriondu du, Urtza Alkortaren atxiloketa ekiditeko asmoz Ondarroan protestan ari ziren "pertsona guztien segurtasuna bermatzea lortu duelako".

'Segurtasun sailburua hemen egon behar litzateke'

Ondorroako alkateak Radio Euskadin nabarmendu duenez, "herrian denok ezagutzen dugu Urtza Alkortak egindako lan politikoa, eta bere aurkako froga bakarra torturatua izan ostean lortutako autoinkulpazioa da".

Mintegi: 'Ondarroako ikuskizuna penagarria da'

Laura Mintegi EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak Ondarroan bizitako egoera "ikuskizun tristetzat" jo du.

Ertzaintzak Urtza Alkorta atxilotzeko operatiboa jarri du martxan goizean, "ikuskizun tristea eta penagarria da" esan du Mintegik eta Ertzaintzari "hausnarketa" bat egin dezala eskatu dio.

Ertzaintzaren operazioa apirilean Donostiako Aske Gunean egindakoaren tankerakoa da. Orduan, mila bat pertsonak 10 egun eman zituzten kanpatuta, Poliziak Segiko hainbat kide atxilotzea galarazten saiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea