Politika -
'Herri harresia'
Alkorta: 'Aske Gunea Ondarroatik Euskal Herrira zabaltzea espero dut'
Urtza Alkortaren atxiloketa galarazteko Ondarroan bildu diren lagunek karpa handi bat jarri dute astearte honetan, kanpaldia aurrera eramateko eta eguraldi txarretik babesteko.
Erredakzioa
Urtza Alkorta gazteak hitza hartu du arratsaldean. "Donostian hasi zen Aske Gunearen filosofia hau, Donostitik Ondarroara ekarri dugu eta Ondarroatik Euskal Herrira zabaltzea espero dut", adierazi du Alkortak.
'Herri harresi'ko parte-hartzaileei "zorionak" eman dizkie, "pasatzen dugun egun bakoitzeko Euskal Herrirako garaipen txiki bat lortzen goazelako". Amaitzeko Ondarroako 'herri harresia'ri "eskerrak" eman dizkio.
Urtza Alkortaren atxiloketa galarazteko Ondarroan bildu diren lagunek karpa handi bat jarri dute kanpaldia egiteko eta eguraldi txarretik babesteko.
Donsotiako Boulevardean jarritako karparen antzekoa da. Iragan apirilean kolektiboak hamar eguneko kanpaldia egin zuen Segiko kideen atxiloketa galarazteko.
Elkarretaratzean parte hartzen ari diren pertsonak "lasai, baina aldi berean urduri" daude; Ertzaintza Alkorta atxilotzeko edozein momentutan agertu daitekeelako, kolektiboko iturriek jakitera eman dutenez.
Geroz eta jende gehiago batzen ari da Urtza Alkorta gaztearen atxiloketa galarazteko Ondarroan (Bizkaia) osatu duten 'herri harresi'ra, Aske Guneako iturriek jakitera eman dutenez. Aske Gunea mugimendua da ETAri laguntzea egotzita zigortu duten gazte ondarrutarra babesteko 'herri harresia' sustatu duena.
'Herri harresia'ren bosgarren egunean, parte hartzaileak behin baino gehiagotan igo dira zubira, gazte ondarrutarra babesteko; izan ere, Ertzaintza bertaratu behar zela susmatu dute gau osoan.
Hala ere, denak izan dira "alarma faltsuak", izan ere, Ertzaintzak oraindik ez du sartzea erabaki, baina bertatik igaro dira Ertzaintzaren ibilgailuak behin eta berriz. Ondorioz, Aske Guneak Ondarrura joateko deia egin die herritarrei.
'Desobedientzia zibila'
Urtza Alkortaren atxiloketa galarazteko 'herri harresia' osatu dutenek ohartarazi dute "borrokaldi epikoa" biziko dutela Ertzaintza gazte ondarrutarra atxilotzen saiatzen bada, izan ere, "desobedientzia zibila erabiliz erresistentzia" egiteko deia egin dute.
Alkorta defendatzeko ostiraletik elkartuta dauden herritarrek "herri harresiarekin" bat egiteko dei zabala egin dute, Ertzaintzak "berehala" esku hartzeko arriskua ikusten dute eta, Aske Guneko kideek prentsa-agiri batean azaldu dutenez.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ostiralean bertan iragarri zuen Ertzaintza "operatiboki egoki ikusten duenean" joango dela Ondarroara Alkorta atxilotzera.
Alkorta babesten ari direnen arabera, "Ertzaintzari asko kostako zaio" Alkorta atxilotzea, egingo duten erresistentzia zibilarengatik.
"Ertzaintza edozein unetan etorriko da eta jendeak indar guztiarekin egingo du erresistentzia lana, desobedientzia zibila erabiliz", apirilaren 19an Donostiako Boulevardean Segiko sei kideen atxiloketan gertatu zen moduan.
Gainera, "herri harresia" Ondarroako zubi batean osatu dute, Urtza Alkortaren atxiloketa are gehiago oztopatzeko.
Auzitegi Gorenak bost urteko kartzela-zigorra jarri zion Alkortari, ETAren talde bati laguntzea leporatuta.
Espainiako Gobernuak laguntza eskaini du
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Jaurlaritzari Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren laguntza eskaini dio, Alkortaren atxiloketaren atzerapenak suposatzen duen "erronkari" amaiera emateko.
ETAko kolaboratzaileak aske jarraitzea onargarria ez dela esan du Urquijok agiri batean. Hala ere, Bildu atxiloketa eragozteko "oztopoak" jartzen ari dela onartu du, baina atxiloketa egitea "ezinezkoa" ez dela erantsi du Urquijok.
Gonbita EAJri
Ondarroako "Aske Gune"ko sustatzaileek "herri harresian" parte hartzeko gonbita egin zioten igandean EAJri, eta Madrilen eta Alderdi Popularraren aginduak betetzeko prest ote dauden galdetu zieten jeltzaleei.
Eguerdian prentsaurrekoa egin zuten Ondarroan, eta bertan izan zen Urtza Alkorta ere. "Uste dugu EAJk aukera egin behar duela, herri honen bake bidea oztopatu nahi dutenen aginduak bete edota bera ere bake bide horren bultzatzaile izatearen artean".
Horien esanetan, jeltzaleek ere badute tokia "herri harresian": "EAJk nahi badu, 'herri harresian' lekua du. Madrildik zuzendutako inposizioei aurre egitea errazagoa da denon artean".
Halaber, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari ondorengo mezua bidali zioten: "Euskal Herria garai politiko berria bizitzen ari da, eta ez da atxiloketak egiteko garaia".
Urtza Alkorta atxilotzeko agindua
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak larunbatean Radio Euskadin esan zuenez, operatiboki aproposa den unean atxilotuko du Ertzaintzak Urtza Alkorta gaztea.
Alkortari 5 urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAko talde bati laguntzea leporatuta; zigorraren erdia bete zuen eta ondoren epai irmoa izan bitartean baldintzapeko askatasuna eman zioten; orain, Auzitegi Gorenak zigorra berretsi du eta atxilotu eta kartzelatzeko agindua eman du. Geroztik, Ertzaintza bitan saiatu da hura atxilotzen.
Astearte gauean, Ertzaintza Alkortaren gurasoen etxera joan zen gaztea atxilotzera, baina ez zegoen bertan. Asteazkenean berriro joan ziren, etxean sartzeko epaileak emandako baimenarekin, baina orduan ere, Alkorta ez zegoen etxean.
EH Bilduk Ondarroara joateko deia egin zuen ostegunean, Alkortaren atxiloketa oztopatzeko helburuarekin.
Gorenaren arabera, Alkortak ETAko talde bati "posta, informazio eta konpainia" lanetan lagundu zion. Horretarako 2008ko urtarrilean Frantziara joan zen trebatzeko.
Herri harresia
Urtza Alkorta babesteko, ostiralean Aske Gunea eratu zuten Ondarroan. Ostiral eguerdian, Alkortak plazako eskailerak jaitsi zituen ukabila goian zuela, EH Bilduk egindako deialdia babestu duten lagunek pasilloa egiten zioten bitartean.
Ondarroako elkarretaratzea. EFE
Gaztea plazaren erdian eseri zen, Maribi Ugarteburu legebiltzarkidea eta Iker Rodrigo Bizkaiko Sorturen buruzagia alboan zituela. Duela gutxi Rodrigo atxilotu zuten, Xabier Lopez Peña Thierry-ren gorpuari Loiuko aireportuan egindako harrera antolatzeagatik.
Inguruan 200 bat pertsona bildu ziren espazioak betez, Alkortaren atxiloketa eragozteko.
Ondarroako elkarretaratzea. EFE
Ekintzako parte-hartzaileek manifestaldia egin zuten ostiral arratsaldeko azken orduetan Ondarroako kaleetan, "kartzela hustutzeko garaia" lelopean.
250 lagun inguruk igaro zuten lehen gaua Ondarroako Zumardian, Urtza Alkorta herritarrari elkartasuna adierazteko gunean, eta giza hesia osatu dute haren atxiloketa saihesteko.