Politika -
Ondarroa
Hirugarren gaua Ondarroan, Alkortaren atxiloketa ekiditeko
Ondarroan bildu direnenen esanetan, 'igandeko eta asteleheneko gauak arriskutsuak izan daitezke', eta bertaratzeko deia egin dute.
Erredakzioa
Hirugarren eguna izan du igande honetan Ondarroako "herri harresiak", eta Ertzaintza Urtza Alkorta atxilotzera etorri arte, Alamedan jarraitzeko asmoa adierazi dute. Ondarroako "Aske Gune"ko sustatzaileek "herri harresian" parte hartzeko gonbita egin diote EAJri, eta Madrilen eta Alderdi Popularraren aginduak betetzeko prest ote dauden galdetu diete jeltzaleei.
Eguerdian prentsaurrekoa egin dute Ondarroan, eta bertan izan da Urtza Alkorta ere. "Uste dugu EAJk aukera egin behar duela, herri honen bake bidea oztopatu nahi dutenen aginduak bete edota bera ere bake bide horren bultzatzaile izatearen artean".
Horien esanetan, jeltzaleek ere badute tokia "herri harresian": "EAJk nahi badu, 'herri harresian' lekua du. Madrildik zuzendutako inposizioei aurre egitea errazagoa da denon artean".
Halaber, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari ondorengo mezua bidali diote: "Euskal Herria garai politiko berria bizitzen ari da, eta ez da atxiloketak egiteko garaia".
Ondarroan osatutako "herri harresiko" sustatzaileen sanetan, "igandeko eta asteleheneko gauak arriskutsuak izan daitezke", eta, hori dela eta, bertaratzeko deia egin diete herritarrei.
Asmoa Ertzaintza Alkorta atxilotzera joaten den unera arte bertan egotea dela esan dute eta "ekimen baketsua" dela azpimarratu dute. Ertzaintza heltzen denean polizia-etxera eramateko eskakizuna egitea gomendatu diete ekintzaile guztiei, identifikazioen bidez zigortuaren atxiloketa gehiago atzeratzeko.
Urtza Alkorta atxilotzeko agindua
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo Radio Euskadin esan zuenez, operatiboki aproposa den unean atxilotuko du Ertzaintzak Urtza Alkorta gaztea.
Alkortari 5 urteko kartzela zigorra ezarri zioten ETAko talde bati laguntzea leporatuta; zigorraren erdia bete zuen eta ondoren epai irmoa izan bitartean baldintzapeko askatasuna eman zioten; orain, Auzitegi Gorenak zigorra berretsi du eta atxilotu eta kartzelaratzeko agindua eman du. Geroztik, Ertzaintza bitan saiatu da hura atxilotzen.
Astearte gauean, Ertzaintza Alkortaren gurasoen etxera joan zen gaztea atxilotzera, baina ez zegoen bertan. Asteazkenean berriro joan ziren, etxean sartzeko epaileak emandako baimenarekin, baina orduan ere, Alkorta ez zegoen etxean.
EH Bilduk Ondarroara joateko deia egin zuen ostegunean, Alkortaren atxiloketa oztopatzeko helburuarekin.
Gorenaren arabera, Alkortak ETAko talde bati "posta, informazio eta konpainia" lanetan lagundu zion. Horretarako 2008ko urtarrilean Frantziara joan zen trebatzeko.
Bigarren eguna
Ondarroako kaleetan barrena mila bat lagunek egin zuten manifestazioa larunbat arratsaldean Alkorta atxilotu ez dezaten eskatzeko.
Manifestazioa Zumardian bukatu zen, eta Urtza Alkortak berak hitz egin zuen. Konponbiderako garaia dela eta kartzelak hustu egin behar direla ohartarazi zuen Alkortak. Halaber, eskerrak eman nahi izan zizkien bere atxiloketa ekiditeko giza harresia osatzen ari diren pertsona guztiei.
Oier Lertxundi herri harresiko kideak atzo Euskadi Irratian esan duenez, "ETAk borroka armatua utzita, ez du zentzurik jarrera horrekin jarraitzeak", eta "modu baketsuetatik, desobedientziaren aldeko apustua" egin dute.
Herri harresia
Ostiral eguerdian Alkortak plazako eskailerak jaitsi zituen ukabila goian zuela, EH Bilduk egindako deialdia babestu duten lagunek pasilloa egiten zioten bitartean.
Ondarroako elkarretaratzea. EFE
Gaztea plazaren erdian eseri zen, Maribi Ugarteburu legebiltzarkidea eta Iker Rodrigo Bizkaiko Sorturen buruzagia alboan zituela. Duela gutxi Rodrigo atxilotu zuten, Xabier Lopez Peñaren "Thierry" gorpuari Loiuko aireportuan egindako harrera antolatzeagatik.
Inguruan 200 bat pertsona bildu ziren espazioak betez, Alkortaren atxiloketa eragozteko.
Ondarroako elkarretaratzea. EFE
Ekintzako parte-hartzaileek manifestaldia egin zuten ostiral arratsaldeko azken orduetan Ondarroako kaleetan, "kartzela hustutzeko garaia" lelopean.
250 lagun inguruk igaro zuten lehen gaua Ondarroako Zumardian, Urtza Alkorta herritarrari elkartasuna adierazteko gunean, eta giza hesia osatu dute haren atxiloketa saihesteko.
Askegunea
Aurreko apirilaren 19an mila pertsona inguruk babesa eman zieten Segiko kide izateagatik zigortutako sei kideri, Donostiako Boulevarren, Aske Gunean.
Azkenik, Ertzaintzak, bertan 'herri harresia' osatu zutenak banan-banan kendu eta zigortutakoak atxilotu zituen.