Politika -
Eusko Legebiltzarra
Urkullu: 'Estatus politiko berria ez da arazo bat, behar bat baizik'
Lehendakariaren esanetan, estatus politiko berria ez da 'Ibarretxe Plana'ren jarraipena izango.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan esan duenez, estatus politiko berriaren proposamena "ez da arazo bat, behar bat baizik". Gaineratu duenez, estatus politiko berria ez da 'Ibarretxe Plana'ren jarraipena izango.
Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak estatus politiko berriaz egindako galderari erantzun dio Urkulluk. Basagoitiren arabera, proposamen berriak "haustura" du helburu, eta 'Ibarretxe Plana'ren antz handia du. Horren ustez, euskal ekonomian ziurgabetasuna eragingo luke estatus politiko berriak, "Katalunian gertatzen ari den bezala".
"Garai berri baten aurrean gaude, eta aurrera begiratu behar dugu. Hori egin ezean, ez atzera ez aurrera geldituko gara", erantzun dio Urkulluk Basagoitiri.
Horren esanetan, estatus politiko berria onartu aurretik, Eusko Legebiltzarreko lantalde batean gaia jorratu eta adostuko da, eta lantalde horren emaitza euskal gizarteak berretsi beharko du.
Basagoitik aukeratzeko eskatu dio Urkulluri: "'Ibarretxe Plana' edo gobernatzeko egonkortasuna". Azaldu duenez, Urkulluk 'Ibarretxe Plana'ren gisako proposamen bati atea irekitzen badio, ez dute jeltzaleekin egonkortasun itunik egingo.
Kartzela politika
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak kartzela politika izan du hizpide Legebiltzarrean, eta Rajoyri kartzela politikaz egindako proposamena azaltzeko eskatu dio Urkulluri.
Urkulluren esanetan, bi helburu eta hiru premisa dituen proposamen "bideragarria" aurkeztu dio Espainiako presidenteari. Horren ustez, kartzela politikak presoen gizarteratzea bermatu behar du, eta presoek "egindako mina" aitortu behar dute.
Egungo lege esparruak eskaintzen dituen aukerak aztertu eta aurrera egiteko adostasunak bilatu behar dira, Urkulluren arabera, eta pausoak emateko eskatu die presoei. Arzuagak kritikatu egin du Urkulluren eskaera hori, "prozesua zailtzen duelako".