Politika -

Nafarroako Kutxa (CAN)

Lekuko guztiek ukatu egin dute Batzorde Iraunkorra ezagutzen zutela

Javier Caballerok, Jose Iribasek, Roberto Jimenezek, Samuel Carok, Carlos Garcia Adanerok eta Alberto Catalanek deklaratu dute, Miguel Sanz presidente ohiak egindako deklarazioa gezurtatuz.

Javier Caballero UPNko kontseilaria, gaur deklaratuko duen lehen lekukoa, auzitegira heltzen. EFE
Javier Caballero UPNko kontseilaria, gaur deklaratuko duen lehen lekukoa, auzitegira heltzen. EFE
UPNko eta PSNko 6 goi kargudun, epailearen aurrean

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Kutxaren (CAN) Erakunde Sortzaileen Batzordeko kide ziren UPNko eta PSNko sei goi-kargudunek deklaratu dute gaur, lekuko gisa, Iruñeko 3 zenbakiko instrukzio epaitegian, finantza erakundearen ustezko dieta irregularren auziaren baitan.

Deklaratzen lehenak Javier Caballero UPNko parlamentari eta Foru Gobernuko presidenteorde ohia eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria izan dira, eta Batzorde Iraunkorra ezagutzen zutela ukatu egin dute.

12:00etan hasi da deklaratzen Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia, eta, ondoren, Samuel Caro parlamentari sozialistak ere egin du. Caro izan da, orain arte, deklaratu ondoren kazetariei adierazpenak egin dizkien bakarra. Caballerok eta Iribasek bezala, parlamentariak ukatu egin du Iraunkorra zegoenik jakin izana.

Ordubete inguru egon da Caro deklaratzen, ''aurreikusitakoaren ildotik''. Epailearekin kolaboratzen saiatu dela eta dakien guztia esan diola azaldu die kazetariei, eta epaile aurrean egin duen agerraldi guztia Batzorde Iraunkorraren inguruan izan dela ere argitu du.

Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramailea deklaratzera sartu da jarraian, eta ondoren egin du Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak. Guztiek ukatu egin dute Batzorde Iraunkorra ezagutzen zutela.

Erakunde Sortzaileen Batzordea CANeko kontsulta organo bat zen, hau da, ez zuen inolako botere betearazlerik, eta dietak ematen zituen bileretara joategatik. Askotan, egun berean hiru bilera egin zituzten, hiru dieta emanda.

Organo horren barruan, gainera, Batzorde Iraunkorra izeneko beste bat sortu zuten, ezkutuan ustez, eta horretan ere dietak ematen zituzten. Lau kide baino ez zituen: Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, Miguel Sanz presidente ohia, Alvaro Miranda kontseilari ohia eta Enrique Maya Iruñeko alkatea.

Barcina ez beste hiru buruzagiak inputatu egin dituzte. Nafarroako Gobernuko presidentearen aurka ezin izan du egin Iruñeko epaileak, forupekoa delako. Hori dela eta, Auzitegi Gorenak baino ezin du ikerketa egin horren kasuan.

Caballero eta Iribas, deklaratzen lehenak

Patxi Zamora Kontuz plataformako bozeramaileak azaldu duenez, lehen lekukoek, Javier Caballerok eta Jose Iribasek, ukatu egin dute Batzorde Iraunkorraren berri zutela, hau da, hedabideen bidez jabetu zirela organo horren existentziaz.

Inputatu gisa deklaratu zuenean, Erakunde Sortzaileen Batzordeko kideek Batzorde Iraunkorra ezagutzen zutela esan zuen Miguel Sanz Foru Gobernuko presidente ohiak (Batzorde Iraunkorreko burua ere izan zen).

Caballeroren eta Iribasen esanetan, jakin bazekiten Erakunde Sortzaileen Batzordeko "hainbat kide" aparte ere biltzen zirela, baina ez inolako batzorde iraunkorrik osatu zutela.

Zamorak azaldu duenez, galderak oso zehatzak izaten ari dira deklarazioetan: "epailea profesionaltasun handiz egiten ari da bere lana".

"Eskertzekoa da gauzak serio hartu dituela ikustea", gaineratu du.

Organo "opakua"

Martxoan publikatutako auto batean, Batzorde Iraunkorra arautzeko neurririk ez zegoela ohartarazi zuen auzia ikertzen ari den epaileak. Are gehiago, lehen bilerak (eta lehen dietak) 2010. urteko abuztuaren 31n egin bazituzten ere, organo horri buruzko araua 2011. urteko ekainaren 24an onartu zutela zehaztu du.

Autoaren arabera, Batzorde Iraunkorraren bilera askok "Nafarroako Kutxaren organoetan erabaki berririk ez zegoela informatzea" baino ez zuten helburu. "Batzordeko kideek ez zuten parte-hartze aktiborik, eta entzun baino ez zuten egiten". Hori bai, dietak jasota.

Hori horrela, dieta horiek "ordaindu eta jaso" izana funtzionario-eroskeria eta prebarikazio delitua izan litekeela uste du epaileak.

Dieta batzuk, bueltan

Dieten polemika piztu eta gero, hainbat buruzagik itzuli egin zuten jasotakoa. Adibidez, Jose Iribasek 29.189 euro itzuli zituen, Yolanda Barcinak 68.553 euro, Enrique Mayak 12.019, Ana Elizaldek 5.141 eta Miguel Sanzek 39.028 (Batzorde Iraunkorrean jasotako dietak eman zituen bueltan, baina ez Erakunde Sortzaileen Batzordean kobratutakoak).

Beste hainbat buruzagik ez zuten ezer itzuli, hala nola Alberto Catalanek (34.340 euro), Carlos Garcia Adanerok (34.340 euro), Javier Caballerok (29.189 euro), Roberto Jimenezek (34.340 euro) eta Samuel Carok (34.340 euro).

Protesta, Justicia Jauregiaren kanpoaldean

Iruñeko Justizia Jauregiaren kanpoaldean, "Barcina Go Home" plataformak elkarretaratzea egin du, eta gaurko deituta dauden buruzagi politikoak "lekukoak baino gehiago" direla salatu du.

Elkarretaratzea 09:00etan hasi da, baina goiz osoa iraungo du.

Plataformako bozeramaile baten esanetan, UPNko eta PSNko sei goi-kargudunak "mutu, gor eta itsu" izan dira Nafarroako Kutxako "lapurreta"ren aurrean.

Izan ere, plataformaren ustez, gaurko deituta dauden UPNko eta PSNko buruzagiek "jakin bazekiten" CANen gertatzen ari zena, "eta ez zuten ezer egin". "Egin zuten gauza bakarra hedabideetan agertzea izan zen, baina ezer ez zekitela esateko", deitoratu dute.

Elkarretaratzean, hainbat aldarri oihukatu dituzte, hala nola "lekukoak baino gehiago dira", "lapurtutakoa itzuli" eta "Kontuz aurrera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea