Politika -
Bateragune auzia
Bost zigortuak behin-behinean aske gera litezke, baina noiz?
Iñigo Iruin defentsako abokatuaren iritzian, Auzitegi Konstituzionalak epe laburrean erabaki beharko luke bost auzipetuak behin-behinean aske uztea edo ez. Ebazpena udarako egotea espero du.
G. Palacios
Iñigo Iruin 'Bateragune' auziko defentsaren abokatuak begi onez hartu du Auzitegi Konstituzionalak euren helegitea tramitera onartu izana, 10 hilabete geroago izan bada ere. "Zigortuen babeserako prozesua martxan da; gure helegitea aztertuko dute eta hori garrantzitsua da", nabarmendu du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.
Aldeek 10 eguneko epea dute orain euren alegazioak aurkezteko. Defentsak, besteak beste, 'Bateragune' auzian Auzitegi Gorenak emandako epaia aztertu bitartean Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta aske uztea eskatuko du.
Baina, noiz hartuko du erabakia Konstituzionalak? Bada, "horrelakoetan epeez hitz egitea oso zaila da, baina kontuan hartuta bostetik lauk jada zigorraren erdia bete dutela, erabakia azkar hartuko dutela espero dugu", azaldu du Iruinek.
Prozesu judizial batean erabakia "azkar hartzea" zer izan daitekeen galdetuta, Iruinek esan du Konstituzionalak udarako iragar dezakeela ebazpena.