Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Bateragune auziko helegiteak tramitatzea onartu du Konstituzionalak

Helegiteak ebatzi arte, Arnaldo Otegiren eta beste kondenatuen espetxe zigorrak bertan behera utzi edo ez erabaki behar du orain auzitegiak.

Rafa Diez eta Arnaldo Otegi. EFE
Rafa Diez eta Arnaldo Otegi. EFE
Rafa Diez eta Arnaldo Otegi. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak onartu egin du Bateragune auziko bost kondenatuek (tartean Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia eta Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia) aurkeztutako helegiteak tramitatzea.

Orain, Konstituzionalak aldeekin hitz egingo du, eta beste atal bat irekiko du, helegiteak ebatzi arte Auzitegi Gorenak ezarritako espetxe zigorrak bertan behera uztea aztertzeko.

Iñigo Iruin abokatuak Euskadi Irratian azaldu duenez, defentsek "suspensioaren aldeko alegazioak" aurkeztuko dituzte, eta "udarako" jakin liteke kondenatuak behin-behinean aske utziko dituzten.

Jone Goirizelaia abokatuak zigorrak behin-behinean baliogabetzearen alde egin du Radio Euskadin, "babes helegiteak bere helburua gal ez dezan", hau da, "helegiteak zigorra beteta dagoenean ebaztea galarazteko".

Duela urtebete, Otegi eta Diez espetxean mantentzea erabaki zuen Gorenak, baina 10 urtetik sei eta erdira murriztu zuen Auzitegi Nazionalak ezarritako kartzela zigorra. Era berean, 8 urtetik 6ra jaitsi zien gainerako kondenatuei, hots, Miren Zabaletari, Sonia Jacintori eta Arkaitz Rodriguezi.

Epaian, Gorenak frogatutzat eman zuen kondenatuak Batasuna berriz osatzen saiatu zirela, ETAk hala aginduta, Bateragune izeneko talde baten bitartez. Hori dela eta, erruduntzat jo zituzten, erakunde terroristako kide izatea egotzita.

Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, baina, auzipetuek ETAren indarkeriaren aurka egin zuten, eta ukatu egin zuten Bateraguneko kide zirela. Are gehiago, Bateragune "Ekinen barne egitura bat" zela azaldu zuten.

Azken adierazpena egiteko txandan, Arnaldo Otegik ETAren indarkeria "soberan" zegoela eta "oztopo" zela adierazi zuen. Gainera, "indarkeria armatuaren behin betiko amaiera" eta "egitura militarrak desegitea" babestu zuen.

Rafa Diezen esanetan, auzipetuek indarkeriaren amaierari buruzko eztabaida sustatu zuten ezker abertzalearen baitan, "modu autonomoan" eta "inoren menpe egon gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea