Politika -
Polizia-operazioa
Frantzian atxilotutako ETAko sei ustezko kideak
Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz dira atxilotutakoak.
Erredakzioa
Frantzian ETAko kideak direlakoan atxilotu dituzten sei lagunak Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Zubillaga dira, Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Igor Uriarte (Barrundia, Araba) ETAko ustezko kideak 2011ko urtarrilean ihes egin zuen. Espainiako Justiziak Ekineko kide izateagatik eman zuen hura atxilotzeko agindua. Frantzian atxilotu zuten 2011ko urtarrilean, eta behin behinean aske utzi ostean, ez zen estradizioa aztertzeko epaiketara joan, eta iheslari gisa jotzen da ordutik.
Bestalde, Raul Aduna (Gasteiz) Segiko kide iheslaria da. 2009ko amaieran Poliziak eta Guardia Zibilak gazte erakundearen kontra egin zuen makrooperazioan (30 lagun baino gehiago atxilotu zituzten) alde egin zuela diote aipatu iturriek.
Beste atxilotuetako bat, Andoni Goikoetxea Gabirondo (Tolosa), ETAren arlo logistikoko "kide garrantzitsua" dela dio Espainiako Poliziak. 'Erreka' taldeko ustezko kidea atxilotzeko agindua Aitor Esnaola atxilotu eta Legorretako baserria miatu ostean eman zuten.
Ekhiñe Eizagirre Zubiaurreri (Zarautz) eta Kepa Arkauzi (Arrasate) ETAren 'Ezpala' talde "legala" osatzea leporatzen die Barne Ministerioak.
Seigarren atxilotua, Julen Mendizabal (Arrasate), kale borrokarekin lotzen dute, izan ere, Auzitegi Nazionalak hura atxilotzeko agindua eman zuen 2001ean.