Politika -

Frantziako Gobernua

Hollande inoiz baino okerrago, agintaldiaren urteurrenean

Frantziarren % 27 soilik dago bere alde, Frantziako presidente batek lehenengo urtean inoiz izan duen kopuru baxuena. Atzo milaka lagun atera ziren kalera Ezkerreko Fronteak deituta.

Ezkerreko Frontearen protesta, atzo, Parisen. Argazkia: Efe
Ezkerreko Frontearen protesta, atzo, Parisen.
Ezkerreko Frontearen protesta, atzo, Parisen. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur urtebete irabazi zituen François Hollandek Frantziako presidentetzarako hauteskundeak. Denbora horretan goitik behera erori da Holladerekiko estimua: frantziarren % 27 bakarrik du alde eta % 70 ez da fio. Eliseoko buru batek lehenengo urtean inoiz izan duen harrerarik txarrena da.

Giro horretan, Ezkerreko Frontea eta Alderdi Sozialista, aurrez-aurre daude. Atzo, Fronteak deituta, manifestazio jendetsua izan zen Parisen, Bastilla aurrean. Antolatzaileen arabera 180.000 lagun bildu ziren murrizketak salatzeko; Poliziak, berriz, 30.000 lagun bildu direla esan zuen.

Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Frontearen buruak Holland bozkatu zuen duela urtebete. Baina orain, froga-aldia amaitu dela eta doikuntzak alde batera uzteko esan dio. Berlinek eta Bruselak xantaia egiten dutela eta sadikoa dela herritarrei eskatzen dieten ahalegina salatu du buruzagi ezkertiarrak. Melenchon sinetsita dago Europako herrialdeek eta AEBek ez dutela inoiz ordainduko daukaten zorra. Hori horrela, 6.Errepublika sortu behar dela dio, presidenteari agintea mugatu eta garai politiko berria hasteko.

Frantziako Gobernuaren erantzuna argia izan da: Ezkerreko Frontearen aldarria ez da serioa, zorra ez dela ordaindu behar esan duelako. Gainera, ezkerra zatituta eskuina indartu besterik ez duela egiten kritikatu du.

Enpresa publikoen akzioen salmenta

Bestalde, Jean-Marc Ayrault lehen ministro frantsesak iragarri duenez, zenbait enpresa publikotako akzioak saltzera doa Gobernua, inbertsioak egiteko. 20.000 miloi euro lortzea da helburua, enpresen lehiakortasunari laguntzeko eta abiadura handiko internet Frantziako bazter guztietara hedatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea